Markina-Xemeingo Udalak herrian agertutako pintaketak gaitzetsi ditu
Udala adierazpen askatasunaren alde egonik ere, halako ekintzak "erabat lekuz kanpo" daudela adierazi dute.
Joan den asteburuan pintaketak agertu ziren herriko hainbat lekutan, Plazabarripeko horma-irudian besteak beste, eta Markina-Xemeingo Udalak ekintza horiek salatu eta horien aurreko gaitzespena adierazi du. “Oraintsu landu den horma-irudia kaltetu da pintaketekin. Horrez gain, aipatu beharra dago edukiontzi batzuk ere hondatu direla herrian”.
Udala adierazpen askatasunaren alde egonik ere, halako ekintzak “erabat lekuz kanpo” daudela adierazi dute : “adierazpen askatasuna ez da horrela defendatzen, guztiona den espazio publikoa kaltetuz”. Udaletik errespetua eskatu dute: “errespetua bai eremu publikoarekiko, eta baita gainerako herritarrekiko ere. Izan ere, zoritxarrez, herriak eta herritarrek jasan beharko dituzte ekintza hauen ondorioak, guztiok ordaindu beharko baitugu gutxi batzuek sortutako kaltea”.
Bestalde, EH Bilduri gertakariak salatzeko adierazpenagaz bat egitea eskatu diotela esan dute: “Denbora bat eman zaio, pasa den astelehenetik, adierazpena aztertzeko eta erabaki bat hartzeko. Gaur [otsailak 25] jaso da erantzuna, baina EH Bildutik ez da ikusten adierazpen bat kaleratzeko bestekoa gertakari hau”. Udalaren ustez, “aukera bat galdu da Markina-Xemeinen sarritan ematen diren mota honetako gertakarien aurrean erantzun bateratu bat emateko”.
Adostasunik barik. Adierazpen askatasunaren alde hormak erabiltzea beti izan dela EAJ eta ezker independentisten arteko desberdintasunetako bat esan du Markina-Xemeingo EH Bilduk. «EAJk irakurketa oso sinple eta klasista egin du beti. Polita edo itsusia den izan da euren balorazio bakarra, balorazio estetiko bat, beste guztia alde batera utziz, kontuan hartu barik horren atzean beti dagoela mezu erreibindikatiboren bat».
Adierazpen askatasunaz zera esan dute: «Adierazpen askatasuna aipatzen dute aho betean, eta margolan hori herriko eragileen margolanak tapatuz egin dute, eragileekin kontaktuan jarri barik; euren erabakiz estali zituzten denak».
EH Bilduk dionez, orain gertatu den modura bi alderdiek ez dute bat egin eta ez dute bat egingo zenbait gairen inguruan: «Gai garrantzitsuagoen inguruan egin ez genuen bezala, esate baterako Zaldibarren desagertutako familiakoen mozioan edo Udalbatzatik irteteko erabakian».