Probintzia barruko mugikortasuna aztertuko du Labik barikuko bileran
Jonan Fernandezek esan du Labik udalerrien itxiera perimetrala aztertuko duela, eta litekeena dela neurri hori "aldatzea". Josu Erkoreak ere egoera epidemiologikoak "arauak malgutzeko" aukera ematen duela aurreratu du.
Euskadiko Babes Zibileko Planaren Aholku Batzordearen (Labi) batzorde teknikoa eguenean [martxoak 4] bilduko da izurritearen bilakaera aztertzeko, eta, ondoren, bere proposamena igorriko dio barikuan [martxoak 5] elkartuko den Labiren aholku batzordeari. Bilera horretan aztergai izango duten neurrietako bat izango da udalerrien itxiera perimetrala bertan behera uztea, eta probintzia bakoitzaren barruan mugikortasuna baimentzea. Horixe iragarri du gaur Jonan Fernandez Labiren batzorde teknikoko koordinatzaileak, Onda Vasca irratian. Azaldu du mahai gainean izango dutela udalerrien arteko joan-etorriak mugatzen dituen neurria, eta litekeena dela neurri hori «aldatzea».
Nolanahi ere, ohartarazi du autonomia erkidegoa «impasse» batean dagoela eta ez dagoela «abentura askotarako aukerarik». Gaineratu du, «ziurgabetasun handia» dagoela datozen bi edo hiru asteetako bilakaerari dagokionez, baina intzidentzia metatuak behera egiten jarraituko balu, nahiz eta apurka izan, egoera «interesgarria» sortuko litzatekeela luze gabe.
Josu Erkoreak ere egoera epidemiologikoak “arauak malgutzeko” aukera ematen duela aurreratu du. Dena dela, autonomia erkidegoa zabaltzeko “goizegi” dela gaineratu du.