Nahia Quincoces, Marta Garcia eta Ana Alonso laugarren sailkatu dira Munduko Txapelketaren errelebokakoan
Munduko Txapelketak lehiatzen ari dira Andorran, eta mendexarrak bi proba lehiatu ditu. Bere hirugarren eta azken lasterketa zapatuan [martxoak 6] egingo du.
Nahia Quincoces mendexarra Mendi Eskiko Munduko Txapelketak lehiatzen ari da Andorran. Momentuz bi probatan parte hartu du, eta zapatuan [martxoak 6] dauka bere hirugarrena eta azkena.
Martitzeneko [martxoak 2] esprint lasterketan 16. sailkatu zen, eta atzo [martxoak 3] Marta Garcia eta Ana Alonsogaz hirukotea osatuta, taldekako erreleboetan laugarren geratu ziren. Zapatuan banakako lasterketa lehiatuko du, eta proba horretarako “gogoekin” dagoela azpimarratu du.
Orain arteko bi probetan egindakoagaz pozik dago Mendexako mendi eskiatzailea. Esprint lasterketan final-laurdenetara ailegatu zen: “Sailkapen txandan gustura ibili nintzen, eta gero, nire errondan ere laugarren ibili nintzen, hirugarrenetik oso hurbil. Egia esan bai sentsazioekin bai ematzaitzagaz pozik geratu nintzen”.
Andorrara bidaiatu aurretik, errelebokako lasterketarako “ilusio berezia” zeukala aitortu zuen. “Errelebokakoa zen gure helburu nagusia, bagenekien lehenengo bost talde indartsuenen artean geundela, eta hiruron artean lan ona egin genuen, baina ez zen nahikoa izan podiumean sartzeko. Baina, laugarren postuagaz pozik nago. Dagoen maila kontutan hartuta, ez da emaitza txarra, baina podiumean sartzea zen helburu nagusia. Lasterketan zehar indartsu sentitu nintzen, baina arazo txiki bat izan nuen fijazioarekin, eta horrek segundo batzuk galtzera eraman ninduen”. Errelebokakoan, emakumezkoetan zein gizonezkoetan italiarrek lortu zuten garaipena, nagusitasun osoz.