Etxebarriko eskola berriaren proiektua idazten hasiko dira
Udazkenerako proiektuaren idazketa martxan egotea aurreikusten du udalak. Hezkuntza sailagaz proiektu bateratu bat egitearen aldekoak dira.
Berri ona izan du Etxebarriko Udalak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailetik, Etxebarriko Eskola berriko obraren proiektuaren idazketa lana esleituko dute, eta udazkenerako proiektua lantzen hasita egongo direla aurreikusten du udalak.
Eskola berria kokatuko den udal partzela Hezkuntza Sailari doan lagatzeko akordioa baino ez zen falta proiektuaren idazketa esleitu ahal izateko, eta udalak azken osoko bilkuran eman zion onespena. Jendaurrean egon ondoren eta alegaziorik ezean, behin betiko onarpena argitaratuko dute BAO-n, eta eskola berriaren proiektua egiten hasi ahalko dira.
Bien bitartean aurrerapausoak ematen jarraitzen du udalak. Energia Berriztagarrien plana Barrizar enpresari eman diote, proiektua egingo duen taldea martxan hasten denerako ze motatako energia mota ezartzeko aukera daukaten aztertzeko. Arau subsidiarioak ere aldatuta dituzte, lursailak erosita eta errekan ere hobekuntzak egin zituzten, gunearen uholde arriskuak saihesteko. Izan ere, hainbat urte darama udalak eskola berria egiteko momentua ailegatzen denerako dena prest edukitzeko lanean.
Dena batek. Eskolaren proiektua eta eraikuntza lanak Hezkuntza sailak egingo ditu, eta urbanizazio lanak eta haurtzaindegia eskola gunera eramateko ardura udalarena izango da, hala ere, proiektu bateratu bat egitearen alde agertu da udala. “Baliabideak hobeto aprobetxatzeko, Hezkuntza sailak hartzen duen taldeak eskolaren proiektua eta urbanizazio osoa egitea nahiko genuke”, azaldu du Jesus Iriondo Lejardi Etxebarriko alkateak. Bi talde lanean ibili beharrean, “koordinazio bat egoteko” talde bakarrak guztia egitea hobe dela dio: “Proiektu osoa batera egin eta burutzea nahi dugu, eta horretarako hitzarmen bat adosten saiatuko gara”.
Udalari kostu handia eragingo dio Eskola berriaren eraikuntzak, gutxi gorabehera 800.000 euro beharko dituztela aurreikusten dituzte, eta horretarako udalak zorpetu egin beharko duela aurreratu dute: “Eskola berrirako urbanizazioa eta haurreskola batera egitea da gure asmoa, eta hori guztia aurrera eramateko zorpetu egin beharko gara kreditu bat eskatuta”.
2023 urterako eskola berria edukitzea aurreikusten dute. “Hainbeste urtean itxaroten egon garen proiektu bat errealitate bihurtzeko bidean gaude”.