Oinezkoentzako gune berriak zabalduko dituzte Lekeition
Martxoaren 15etik aurrera herri barruko zirkulazioan aldaketak egingo dituzte. Besteak beste Paskual Abaroa Etorbidean dauden Hator eta Gallo tabernen arteko bidean ere zirkulazioa moztuko dute asteburuetan.
Oinezkoei lehentasuna eman asmoz, hainbat aldaketa egingo ditu Lekeitioko Udalak Eskolapean eta Paskual Abaroa Etorbidean martxoaren 15etik aurrera. Alde batetik, zapatu goizetan ere Eskolapeko oinezkoen gunea zirkulazioari itxita egongo da, eta bestetik, Paskual Abaroa Etorbidean dauden Hator eta Gallo tabernen arteko bidean ere zirkulazioa moztuko dute asteburuetan.
Udalak jakitera eman duenez, Gabonetan proba bat egin zuten Eskolapeko oinezkoen gunea zapatu goizetan itxita egonez gero arazorik sortuko litzatekeen jakiteko, eta zelan funtzionatzen zuen ikusita, ixtea posible dela ikusi dute. Horrela, zapatu, domeka eta jaiegunetan zirkulazioari itxita egongo da gunea. Erabaki hori tarte horretan dauden ostalarientzako ere lagungarria izango dela uste du udalak: “Orain arte zapatuetan 13:00ak arte ezin zuten terrazarik ipini, eta horrela terrazak goizeko jardunerako ere jartzeko aukera edukiko dute”.
Hator eta Gallo tabernen arteko tartea zirkulazioari zarratzeko eskaera aspaldikoa dela azaldu du udalak. Momentuz, asteburuetan ixten hasiko dira, eta ondo joanez gero, arratsaldero itxiko dute gunea udan. Portua ere zapatu eguerdietan ixten dute asteburu osorako, eta ordutegia luzatzeko eskaera eduki dute. Aukera hori, baina, aztertzen ari direla esan dute: “oraindik erabakitzeko dago”.
Horrez gain, Lekeitioko erdigunean eta hainbat kaletan ibilgailuen abiadura 20 kilometro ordura mugatuko dute, segurtasuna handitzeko helburuagaz.
Bestalde, karabanak aparkatzea debekatuko dute Santa Katalinan zehar. Azaldu dutenez, Arropainen dagoen karabanentzako gunea betetzen denean Santa Katalinarantz joaten dira karabanak aparkatzera, eta Aste Santutik aurrera debekatuta egongo da. “Udan ere ezingo da aparkatu”, zehaztu dute.