Ondarroa AEk brontzezko domina lortu du Euskadiko Distantzia Luzeko Txapelketan
Emakumezkoetan June Aranbarri ondarrutarrak parte hartzen duen 'Donostiarra'-k irabazi du Euskadiko Distantzia Luzeko Traineru Txapelketa. Mutriku azken sailkatua izan da, 23:24 denboragaz.
Euskadiko distantzia luzeko txapelketa lehiatu zuten domekan [martxoak 7] Legution, eta Ondarroa Arraun Elkarteko gizonezkoen taldeak brontzezko domina irabazi zuen. Hamar segundoren barruan sartu ziren lehenengo hiru sailkatuak.
21:04 denboragaz Zierbenarentza izan zen garaipena, zortzi segundora bigarrena Donostiarra izan zen, eta Ondarroa bigarrenarengandik bi segundora sartu zen. Orio (21.15) eta Hondarribia (21.17) ere podiumetik hurbil egon ziren. Bestalde, Mutriku azken sailkatua izan zen, 23.24 denboragaz.
Emakumezkoetan June Aranbarri ondarrutarrak urrezko domina eskuratu zuen Donostiarragaz; Aranbarri aurten hasi da taldean. Alde estua egon zen lehenengo bien artean. Donostiarrak 15.41 markagaz lortu zuen txapeldun izatea, eta segundo bakarra atera zion Oriori. Hondarribiarentza izan zen brontzezko domina (15.49).
24 tripulazio aritu ziren lehian: 11 gizonezkoetan, 7 emakumezkoetan eta 6 beteranoetan. Azken horretan, Zarauzko Badok 13ko tripulazioa izan zen azkarrena 15.35,13ko denborarekin, baina, ondoren, epaileek deskalifikatu egin zuten, bere traineruak araudiak baimentzen duena baino 5 kg gutxiago pisatzen baitzuen. Ondorioz, Fortunako eskifaia donostiarrak lortu zuen urrezko domina. Zilarra Mundakarentzat izan zen; Fortunak baino 73 ehunen gehiago egin zituen
.
Beteranoen eta emakumezko seniorren taldeek 4.000 metroko ibilbidea bete zuten, bi luze eta ziaboga bakarrarekin, eta gizonezko seniorrek, berriz, 6.000 metroko ibilbidea burutu zuten.