Braulioren kontzertuagaz hasiko dira girotzen Etxebarriko Elizperock jaialdia
Barikuan [martxoak 12] eskainiko du zuzenekoa Ondarroako taldeak. Apirilaren 16 eta 17rako egitarau berezia prestatu dute.
Antolatzaileek baieztatu dutenez, Etxebarriko Elizperock musika jaialdiagaz gozatzeko aukera egongo da aurten. Bi eguneko egitaraua prestatuko dute ekintza ezberdinekin, eta hitzordua apirilaren 16an eta 17an izango dela aurreratu dute. Oraindik jaialdirako hilabete falta bada ere, girotzen joateko eta jaialdiaren aurrerapen modura kontzertu bat antolatu dute barikurako [martxoak 12].
Bi egunetako jaialdia frontoian egingo dela jakitera eman badute ere, Etxebarriko elizpean joko du bariku honetan, 19:00etatik aurrera, Ondarroako Braulio taldeak. Elizperocken joko duten lehenengo aldia izango da, eta rock doinuez beteko dute elizpea Kepa Arakistainek (gitarra eta ahotsa), Alex Ariznabarretak (baxua eta koruak) eta Ruben Bernedok (bateria eta koruak). Kontzertuko sarrera librea izango da, baina lekua 80 lagunera mugatuta egongo da. “Segurtasun neurri denak bermatuko ditugu, gel hidroalkoholikoak ere egongo dira eta edari alkoholdunik ezingo da sartu kontzertuko gunera”.