Lekeitioko Kitto Merkatarien Elkarteak webgunea estreinatuko du
Bihartik [martxoak 11] aurrera egongo da ikusgai. Kitto elkarteko denden eskaintza aurkituko dute bertan bezeroek.
Lekeitioko Kitto Merkatarien Elkarteak webgune bat sortzea erabaki du: www.lekittonline.com. Bihartik [martxoak 11] aurrera egongo da ikusgai, eta elkartea osatzen duten denda guztien informazioa eta eskaintza aurkituko dute bertan erabiltzaileek.
Nahiz eta fisikoki dendetara hurbiltzea ezinezkoa izan, herrian erostea posible izango dute horrela lekeitiarrek. Horixe izan da Kitto elkartekoen helburua webgunea sortzerakoan, herriko dendak lehen aukera izatea.
Jakitera eman dutenez, webgunearen funtzionamendua “oso erraza eta dinamikoa” izango da. Plataforman bi aukera egongo dira. Alde batetik, internet bidezko salmenta eskainiko duten dendak, eta bestetik, plataforma erakusleiho modura erabiliko dutenak. Lehenengo kasuan, erosketak egin eta dendan bertan jaso edota erositakoa bidaltzeko aukera egongo da. Erakusleiho modura dauden dendek berriz, dendaren informazioa eskainiko dute eta eurekin kontaktuan jartzeko aukera egongo da.
Guztira, 36 dendak osatzen dute Kitto Elkartea, eta guztiak parte hartuko dute webgunean: farmaziak, oinetako dendak, frutategiak, moda osagarriak, optikak, arrandegia, burdindegia, aseguruak, jostailu dendak… Horrela, era askotako produktuak jarriko dituzte eskura webgunearen bidez.
“Urte bete da COVID-19ak gure dendak eta gure bizimodua aldatu zituela. Itxita egon garen garaia oso gogorra izan da, eta ikusi dugu gure bezeroari aukera berriak eskaini behar dizkiogula, gure dendak bere etxeetara gerturatu behar ditugula”. Bezeroari erraztasun horiek eman nahi dizkiote webguneagaz. “Gehigarri bat da, gure dendak beraien lehen aukera izaten jarraitzeko”.