Maitasun erromantikoaren mitoa apurtzen duen obra, Markina-Xemeinen ikusgai
Ikuskizuna zapatuan [martxoak 27] eskainiko dute, 19:30ean, Uni pilotalekuan. Sarrerak udaletxeko kutxazainean daude eskuragarri. Antzezlan komiko, kritiko, alai eta hunkigarria dela esan dute.

Las XL taldearen Abandonate mucho antzerki musikala ikusteko aukera egongo da zapatuan [martxoak 27], 19:30ean, Markina-Xemeingo Uni pilotalekuan. Umorea erabiliz, obrak maitasun erromantikoaren mitoa deseraikitzen du. Sarrerak 6 euro balio ditu (Uhagoneko bazkideentzako, 4 euro), eta udaletxeko herritarren kutxazainean erosi behar dira.
Bidaia zintzo eta dibertigarri batean Nia Cortijo eta Marta Sitja aktoreak (XL neskak) printzesa, koplari, yonki, meditatzaile, seduktore… bailitzan agertzen dira. Eta bizitzako itxaropen asko aurkitu gabe geratu zaizkiela ikusita, aktoreek maitasun erromantikoaren alderdi negatiboa nola aurkitu duten kontatuko dute.
Ikuskizuna Javier Parrak zuzenduta dago eta gutxi gorabeheera 50 minutuko iraupena dauka. Oro har, antzezlan komiko, alai, kritiko eta hunkigarria dela eta 14 urtetik gorako herritarrei zuzenduta dagoela aurreratu dute.
«Abandonate mucho prozesu pertsonal luze baten ondorioz sortutako ikuskizuna da. Maitasun erromantikoaren mitoan guztiok parte hartzen dugula barneratu eta gero, ikasitakoa adierazteko eta partekatzeko beharra sentitu eta antzezlan hau sortu zen. Hau gure istorioa da, baina baita ere guztiona», diote aktoreek.