Etxebarriko Elizperock jaialdia ekainera atzeratu dute
Lea-Artibaiko zenbait herritan pandemiaren kasuak gehitzen ari direla ikusita, jaialdia dataz aldatzea erabaki dute antolatzaileek.
Talde guztiak lotuta eta dena prest zeukaten Etxebarrian asteburu honetan Elizperock jaialdiagaz gozatu ahal izateko, baina COVID-19 pandemiaren kutsatu kopuruak gorantz jarraitzen duela eta jaialdia atzeratzea erabaki dute. “Kasuak gorantz doaz eskualdean eta segurtasuna bermatze aldera, atzeratzea egokiagoa dela pentsatu dugu”.
Jakitera eman dutenez, jaialdian parte hartuko duten taldeetako asko Ondarroakoak dira, eta kutsatuen tasa handia da herri horretan. “Ondarroako egoeragaz gain Markina-Xemeinen ere kasuak gorantz doazela ikusita momentu honetan ez egitea erabaki dugu”.
Data berria ere jarri dute. Horrela, jaialdia, ekainaren 4an eta 5ean egingo dela aurreratu dute. “Espero dugu egoera hobea izatea”.