Hilabete honetan hasiko dituzte Lekeitioko futbol zelaia eraberritzeko lanak
Argiteria jartzen ari da orain udala, eta hamabost egun barru futbol zelaia eraberritzeko obren lehen faseko lanekin hasiko dira.
Lekeitioko Udalak Larrotegi futbol zelaia handitzeko lehen faseko lanak esleitu ditu. Fase honetan futbol zelaiaren neurriak handitzeko beharrezkoa den obra zibila, ureztatzeko eraztun berria eta aulkien, harmailen eta hesien instalazioak egingo dira.
Lanak gutxi gorabehera hamabost egun barru hasiko direla jakitera eman dute udaletik, eta guztira, hamar asteko iraupena izango dutela aurreikusten dute.
Lehenengo fasea amaituta hasiko dira bigarreneko lanekin. 2022an egingo den bigarren fasean, zelaia handitu eta belarra berrituko dute. Hortaz, lehenengo fasean egingo diren lanak bigarrena prestatzeko aurre lanak direla azaldu dute.
Argiteria. Bestalde, aste honetan zelaiko argiteria berrizteko lanak egiten ari da udala. Argiteriari dagokionez, zelaiko argi guztiak aldatuko dituzte, eta denetara, 83.000 euroko inbertsioa izango da hori.
Larrotegi futbol zelaiak 25 urte bete zituen iaz, 1995eko irailaren 4an inauguratu zen, eta, beraz, berrikuntza lanak egitea beharrezkoa dela ikusi du udalak. Fase guztietako lanak kontuan hartuta, zelaia eraberritzeak 515.000 euro inguruko kostua edukitzea aurreikusi dute.