Zaldibar Argituk deituta, elkarretaratzea egingo da Etxebarrian
Indarrean dauden osasun eta mugikortasun neurriak kontuan hartuz, deialdiak herriz herri egin ditu oraingoan herri plataformak. Ez dute nahi gaia ahanzturan gera dadin.
Gaur [maiatzak 6] 15 hilabete beteko dira Zaldibarko Zabortegia amildu zenetik, eta beste hilabete batez, gertaera eta erantzukizunak argitzeko aldarria kalean egongo da. Indarrean dauden osasun eta mugikortasun neurriak kontuan hartuz, Zaldibar Argitu herri plataformak elkarretaratzeak eta mobilizazioak deitu ditu herriz herri, eta Etxebarrian bat egingo dute deialdiagaz. 18:00etan jarri dute ordua Olaia aurrean elkartzeko.
Oraingoan ere, Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze gogoan izango dituztela adierazi dute Zaldibar Argitu plataformakoek, eta Joaquin zabortegitik lehenbailehen ateratzea exijituko dute berriro: «Interes publiko eta sozialak interes pribatuen aurretik jartzea eskatuko dugu; Zaldibarren gertatutakoa ez errepikatzeko bermeak eskatuko ditugu eta erantzukizunak argitzea eskatuko dugu».
Zaldibar Argitukoek diotenez, “iluntasunak inguratzen ditu oraindik Zaldibarko zabortegiaren inguruak”, eta arduradun politikoek «ez dute pauso bakar bat ere eman afera hori inguratzen duen iluntasunari argi izpirik emateko».
Hala ere, lanean jarraituko dutela esan dute gaia ahanzturan ez erortzeko: «Alberto eta Joaquin oroituz, Joaquin aurkitu arte, gure osasunaren eta ingurumenaren defentsan eta erantzukizun pribatu zein politikoak argitu arte».