Etxebarriko Udalak baldintza hobeak adostu ditu Belaotseko etxebizitzetarako

Etxebizitzen jabe den enpresagaz zeukaten akordua luzatu dute. Alokairuan hartu ostean, etxebizitza horietan bizi direnek erosteko aukera daukate.

Etxebarriko Udalak luzatu egin du Belaots eremuko etxeen jabe den enpresagaz zeukan akordioa. Herritarrei etxebizitzarako sarbidea erraztu eta etxebizitza bat kostu irisgarrian eskuratu ahal izatea ahalbidetzeko, akordio batera iritsi ziren etxeen jabe den enpresagaz Belaots eremuan eraikitako etxebizitzak saltzeko edo erosteko aukeragaz alokatzeko. Hitzarmen hori iraungi ostean, berriro berritzea erabaki dute.

Adostu dituzten baldintzak hobeak direla azaldu dute. Errentamendu epea bost urtekoa dela azaldu du udalak, eta errentariak etxebizitza erostea erabakitzen badu, egun horretara arte alokairu gisa ordaindutako zenbatekoak etxebizitza erostearen preziotik erabat deskontatuko zaizkio.

Dena dela, baldintza batzuk bete behar dira erosteko aukera ematen duten alokairuko etxebizitza horietarako aukera izateko. Besteak beste, etxebizitza ohiko etxebizitza iraunkorra izan beharko da, eta interesduna ezin da etxebizitza baten jabea izan. Gainera, bizikidetza unitateko kideren batek Bizkaia, Gipuzkoa edo Arabako udalerriren batean bizi beharko du eta bertan erroldatuta egon beharko da, gutxienez bi urteko antzinatasunagaz, esleipen prozesuan sartu ahal izateko eskaera aurkeztu aurretik. Errenta, hilean 450 eurokoa izango da, BEZ barik.

Enpresak zazpi etxebizitza ditu Erbera kalean, eta etxebizitzen jabe eta udalaren arteko hitzarmenak beste lau urteko epea izango du, 2025era arte.