Eusko Jaurlaritzak ez du Joaquin Beltran bilatzen jarraituko
Jaurlaritzaren iragarpenaren aurrean mobilizazioak deitu ditu Zaldibar Argitu plataformak. Elkarretaratzeak egingo dira Etxebarrian eta Markina-Xemeinen.
Joaquin Beltran bilatzeko operatiboa amaitutzat ematen duela iragarri du gaur [maiatzak 14] Eusko Jaurlaritzak. Hala adierazi dute Josu Erkoreka lehendakariordeak eta Segurtasuneko sailburuak eta Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak, gaur goizeko lehen orduan Gasteizen eman duten prentsaurrekoan: “Azken bilaketa eremuko indusketa-lanak amaituta (4. mozketako 4. fasea), egiaztatu da ezin izan dela Joaquin Beltranen gorpua aurkitu”.
Jakitera eman dutenez, Iñigo Urkullu Lehendakaria atzo arratsaldean batu zen Joaquin Beltranen hurbileneko familiagaz, zuzenean egoeraren eta bilaketa prozesuaren amaieraren berri emateko.
Erkorekak nabarmendu duenez, planifikazio «argi eta zehatz» bati jarraituz egin dituzte bilaketa lanak, baina ezin izan dituzte aurkitu Beltranen gorpuzkiak. «Tamalez, ez dugu helburua lortu», nabarmendu du Erkorekak. Gorpuzkiak ez aurkitzeko arrazoiak ere eman dituzte: “Operatiboko teknikariek uste dute lur jausi nagusiaren energia mekanikoak eta zabortegiaren prozesu kimikoen ekintzak berak edozein gorpuzki identifikatzeko aukera eragotzi ahal izan dutela”.
Zabortegiko lanek, hala ere, aurrera jarraituko dute. Datozen asteetarako aurreikusten dituzten lanen helburua zabortegiko masari eustea eta hura egonkortzea dela aurreratu dute: “haren oinarrian egin baita azken bilaketa-faseak egin ahal izateko mozketa”.
Mobilizazioak. Eusko Jaurlaritzak gaur [maiatzak 14] egindako iragarpenaren aurrean mobilizazioak deitu ditu Zaldibar Argitu plataformak. Manifestazioak eta elkarretaratzeak deitu dituzte hainbat herritan; Etxebarrian eta Markina-Xemeinen elkarretaratzeak egingo dira 20:00etan; Olaia aurrean Etxebarrian eta Goiko Portalean Markina-Xemeinen.