Maskararen erabilera "egun gutxitan" arindu liteke, Fernando Simonen ustez
Espainiako Osasun Larrialdietarako Koordinazio Zentroaren koordinatzaileak atzo esan zuen "oso litekeena" dela laster maskara gutxiago erabili ahal izatea kanpoaldean.
Fernando Simon Espainiako Gobernuko Osasun Larrialdietarako Koordinazio Zentroko zuzendariak atzo esan zuen «laster» egin ahal izango direla maskararen erabilera arintzeko «urrats zehatzak». «Dagoeneko 7,2 milioi pertsonak dute txertoa, jarraibide osoarekin, eta gutxienez 15 milioi pertsonak dosi batekin. Oso litekeena da kanpoan, egun gutxitan, maskara gutxiago erabiltzea». Hori zehatz-mehatz noiz gertatuko den ez zuen zehaztu, hala ere, txertaketa kanpaina ongi doala eta kutsatzeek beherantz jarraitzen dutela ikusita, erabaki hori azkar har daitekeela iradoki zuen. «Hilabeteren buruan neurri batzuk arintzeko moduan egongo gara, baina beste batzuei eutsi beharko diegu».
Simonek zehaztu zuen maskararen erabilera arintzeko erabakia tokian-tokian aztertu beharko dela; hau da, litekeena dela intzidentzia tasa apala duten erkidegoetan bakarrik hartzea neurria. Nolanahi ere, «zuhurtziaz» jokatzea ezinbestekoa dela esan zuen, eta maskararen erabilera malgutuz gero gainerako segurtasun neurriei eutsi beharko zaiela ohartarazi zuen, tartean segurtasun distantzia.