Mutriku hirugarren sailkatu da 640 kiloko lehen jardunaldian
Mutrikun lehiatu duten 640 kiloko lehenengo jardunaldian, "maila polita" eman du etxeko taldeak.
2021eko Lur Gaineko Euskadiko Sokatira Txapelketaren 640 kiloko kategoria etxean hasi du Mutrikuk, eta hirugarren sailkatu da bertan.
680 kilotan nagusitasunez irabazi zuen Gaztedi A izan zen onena zapatu arratsaldeko Mutrikuko saioan ere. Goherri sailkatu zen bigarren. Launagaz puntugaz berdinduta geratu ziren Mutriku, Akelarre eta Gaztedi B. Getxo eta Gaztedi C seigarren eta zazpigarren sailkatu ziren, hurrenez hurren.
Aurreko asteburuetan 680 kiloko kategoria lehiatzen aritu ziren taldeak, eta beraz, Mutriku taldeko Jabi Urrestik esan legez, 640 kiloko hasierako saiorako lehenengo helburua pisuan sartzea zen: “Lortu genuen pisuan sartzea, baina esperientziadun tiralari bat lesionatu zitzaigunez, aurten hasi berri den gazte bat sartu genuen. Faktore horregaz joan ginen, eta gorabeherak gorabehera maila polita eman genuen”. Aurretik pentsatu baino “maila hobea” eman zuten.
Saturrarango bidegurutzea baino aurrerago, gasolindegi paretik dagoen zelai batean aritu ziren estreinako, eta aukeratutako lekua egokia izan da: “Denontzat leku berria zenez, ez genekien zelan egongo zen lurra. Talde guztiek esan zuten lekua oso ona izan zela, lurra ere oso ona. Gaztedik eta Goiherrik tirada gogorra egin zituzten; lehenengoan hamar bat minutura zihoazela baliobatu egin zieten. Gure tirada motzenak bi minututik gorakoak izan ziren, eta lau minutuko tirada bat egin genuen. Beste taldeen elkarren kontrakoak ere tirada luzeak izan ziren”.
Txapelketak zapatu honetan [maiatzak 29] Hernanin jarraituko du. 17:00etatik aurrera lehiatuko dute 640 kiloko bigarren jardunaldia. Ekainaren 5ean Laukizeko saioa eginda argituko da zein den aipatu kategoriaren aurtengo talde txapelduna.
Lehen jardunaldian Mutrikun lortutako hirugarren postu hori mantentzeko ahaleginean ariko dira Mutriku Sokatira Taldekoak: “Hernanira talde indartsu bat eramatea espero dugu. Hangoa ere toki berria da; ez dakigu zer topatuko dugun, zelako lurra den ere ez dakigu. Guk antolatzen dugu, gure materiala eramango dugu, baina ez dakigu zelako lursaila izango den. Mutrikun denok ibili ginen pisu aldetik justu, eta alde horretatik, bigarren zapaturako beti hobeto egoten gara. Ikusiko dugu ea hirugarren postu hori mantendu ahal dugun. Behintzat gure mailan ibiltzea espero dugu”.