Kontzertu aretoak COVID-19 laguntzetatik kanpo geratu direla salatu dute
Laguntza barik eta jasan behar dituzten murrizketekin esan dute kontzertu aretoak "ito" egin direla; diru laguntza estrukturalik gabe bizirik jarraitzea "ezinezkoa" dela diote. LIVE DMA gobernuz kanpoko sare europarrak ere babestu egin ditu salaketa eta eskaerak.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako kontzertu aretoetako arduradunek salaketa bateratua egin dute. Diotenez, Eusko Jaurlaritzak erabaki horregaz “babesik barik” laga ditu. “Erabaki hau Jaurlaritzak kontzertu aretoak kultur eraikin bezala izendatzeko borondate faltaren ondorio dela uste dugu. Ez dugu ulertzen bizi dugun egoeraren aurrean Jaurlaritzak daukan jarrera”.
Kontzertu aretoen sarea gizartearen garapen kulturalean “balio aktiboa” eta publikoak sentsibilizatzeko “funtsezko zatia” direla diote. “Proposamen artistiko berrientzat harrera eta hedapen guneak dira eta lanpostu ugari sortzen dituzte: teknikariak, promotoreak, administrariak, komunikazio eta marketin zerbitzuen hornitzaileak, etab. Aretoetako jarduerekin zuzenean lotuta dauden sektoreak”.
Gaineratu dute ez dutela onartzen Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak “babesik gabe” utzi izana. “Ez dugu ulertzen euskal kultur eszenarentzat etorkizuneko balio aktiboak sortzeko funtsezkoa den sektorea laguntzeko borondate falta. Jarrera hori ikusita etsituta sentitzen gara. Lagundu beharrean egin duten gauza bakarra mugatzea izan da”.
Laguntza barik eta jasan behar dituzten murrizketekin esan dute kontzertu aretoak “ito” egin direla eta diru laguntza estrukturalik gabe bizirik jarraitzea “ezinezkoa” dela diote. “Jarrera hau Erresuma Batua edo Alemania bezalako herrialdeek erakutsi duten jarreratik oso aldenduta dago. Izan ere, Europako herrialde askotan ezinbesteko gune bezala izendatu dituzte kontzertu aretoak, eta kultura babesteko estrategietan barneratu dituzte”. Diotenez, Europako Batasunak 2020an lehen aldiz argitaratu zituen kontzertu areto txikientzako diru laguntzak ere ezinbestekoak direla kultur sarearentzat. “Politika horietatik urruti dago Jaurlaritzaren jarrera”.
Oro har, egungo murrizketei buruz etorkizun laburrean euren lana baldintza normaletan burutzen lagunduko lukeen irekiera planik ez edukitzea ere salatu dute. “Egungo murrizketen ondorioz %30eko aforoarekin lan egiten dugu, eta ezinezkoa da jardueraren errentagarritasuna”.
LIVE DMA gobernuz kanpoko sare europarrak dio sektorearen berpizkundea posible izateko estatu kide guztietako gobernuek ekintzak koordinatu eta berreskuratze planetan tokiko musika eszenei babes handia eman behar dietela
Jaurlaritzak argitaratutako “laguntza bakarra” Bes-Te-Bat! zirkuitua izan dela diote. “Horrek, baina, ez du 2020ko martxotik jasaten ari garen galerak arintzen lagundu. Gainera, agindutako laguntza estrukturaletatik oso urruti geratu da”.
LIVE DMA elkartearen babesa. Zuzeneko musikaren sektorearen baldintzak bermatzeko eta sustatzeko lan egiten duena LIVE DMA gobernuz kanpoko sare europarrak ere euskal kontzertu aretoetako arduradunen salaketa babestu du. “Zuzeneko musikako eszenak oso kaltetuak izan dira: kontzertuak antolatzean, distantzia fisikoaren murrizketak eta edukiera mugatuak direla eta, areto eta klub gehienentzat oso zaila da, ezinezkoa ez bada, zuzeneko musikako ekitaldiak aurrera eramatea kostuei aurre eginez. Ikus-entzule gutxiagok diru sarrera gutxiago dakarte”. Izan ere, azaldu dute sarrerak, elikagaiak, edariak eta bestelako zerbitzuak saltzearen bidez sortutako diru sarrerak direla kontzertu aretoen eta artisten diru sarrera nagusiak. Testuinguru “kezkagarri” horrek eta “babes publikorik ez edukitzeak” desagertzeko arriskuan dauden espazio kultural horien etorkizuna kinka larrian utzi duela diote.
Azaldu dute Europako erakundeak kultura eta sormen sektoreetarako Creative Europe programa berria abian jartzen ari direla orain, zuzeneko musikaren sektoreari arreta berezia eskainiz. “Baina sektorearen berpizkundea posible izateko estatu kide guztietako gobernuek ekintzak koordinatu eta berreskuratze planetan tokiko musika eszenei babes handia eman behar diete”.
Horren guztiaren aurrean, tokian tokiko gobernuei eskatzen diete zuzeneko musikako espazioetarako (DJ emanaldiak programatzen dituzten klubak barne) diru laguntza pakete bat eta babes sendoa ematea. “Gobernuei zuzeneko musikaren sektorea ordezkatzen duten erakundeekin hitz egitea gomendatzen diegu, sektorearen beharretara hobekien egokitzen diren neurriak eta finantzaketa ezartzeko”.
Ondokoek babestu dituzte kultur aretoetako arduradunen salaketa eta eskaerak:
- Musikari, Euskal Herriko Musikarien elkartea
- Live DMA
- ACCES Asociación Estatal de Salas de Conciertos
- ASACC Associació De Sales De Concerts De Catalunya
- LA NOCHE EN VIVO Asociación de Salas de Conciertos y Espectáculos de Madrid
- ARAGON EN VIVO Asociación Profesional de Salas de Música de Aragón