Binakako pentatloiaren finalerako txartela lortu du Aratz Mugertzak
Kanporaketa saioan mutrikuarrak eta Iñaki Errazki tolosarrek hirugarren egin dute, eta horregatik lortu dute finalerako txartela. Mikel Agirre ondarrutarra eta Oussmane Drame bederatzigarren sailkatu dira.
Aratz Mugertza mutrikuarra eta Iñaki Errazkin tolosarra hirugarren sailkatu ziren zapatuan jokatutako [maiatzak 29] II. Binakako Euskal Pentatloiaren kanporaketan eta, beraz, finala lehiatuko dute ekainaren 20an.
“Gustura” aritu zen Mutrikuko aizkolaria, eta kanporaketa “oso polita joan zela” adierazi du: “Pena izan zen, publikorik gabe egin zelako. Denok ere lan ona egin genuen, eta alde handirik ez ziguten atera besteek ere. Egindako lanarekin gustura nago”. Batez ere harri jasotzen, aizkoran eta korrika ondo moldatu zela azaldu du, eta giza proban “kostata”.
Mikel Agirre ondarrutarrak Ousmane Drame barakaldarrarekin lehiatu zuen zapatuko kanporaketa, Tolosako zezen plazan, eta bederatzigarren sailkatu ziren. 22 minutu eta 14 segundotan burutu zituzten lanak. Lehenengoz parte hartu dute bikotekako pentatloian, eta balorazio ona egin dute. Alabaina, giza probetan egindakoak gainontzekoetarako baldintzatu zuela kontatu du: “Bi harrietan asko sufritzea tokatu zitzaigun. Batez ere niri giza proba gogorra egin zitzaidan, kostatu egin zitzaidan, eta horregatik, gero, buelta ezin emanda ibili nintzen. Giza proban denbora galdu genuen, eta asko baldintzatu ninduen, beste probetan ezin izan nuelako normalean ematen dudan beste eman, eta ez nintzen eroso aritu”. Hala ere, orokorrean “gustura” geratu direla gaineratu du: “Lehenengo esperientzia hau positiboa izan da”.
Kanporaketaren lehenengo sei bikoteek lortu dute finalerako txartela. Ioritz eta Jon Gisasola izan ziren azkarrenak; 18 minutu eta 16 segundotan amaitu zituzten harri jasotze, giza proba, aizkora, txinga eramate eta korrika saioak. Zortzi segundoko aldea atera zieten Jexux Mari eta Andoni Iruretagoienari. Mugertzak eta Errazkinek bigarrenengandik hogei segundora amaitu zuten. Hauek dira finala jokatuko duten gainontzeko hiru bikoteak: Kepa Peñagarikano-Gorka Etxeberria, Jon Unanue-Mikel Larrañaga eta Jagoba Otaegi-Luis Txapartegi.