Ostalaritza establezimenduak gauerdira arte egon ahalko dira zabalik
LABIren aholku batzordeak beste neurri batzuk ere arindu ditu: aire librean kirola egiteko ez dela pertsona mugarik egongo, garraio publikoaren zerbitzua gauerdira artekoa izan ahalko da eta aisialdi taldeak gehienez 10 lagunekoak izango dira. Neurriok eguaztenean [ekainak 2] sartuko dira indarrean.
LABIren aholku batzordeak gaur [maiatzak 31] adostu du eguaztenetik aurrera [ekainak 2] egun indarrean dagoen dekretuan bost aldaketa egitea:
- Aire zabaleko kirol jarduerak egiteko ez da pertsona kopurua mugarik egongo.
- Establezimenduak ixteko eta jarduerak eteteko ordutegia gauerdira arte luzatzen da.
- Garraio publikoaren zerbitzua gauerdira arte luzatuko da.
- Aisialdiko taldeak gehienez 10 lagunekoak izango dira, “betiere egonkorrak direla bermatzen bada”.
LABIk adostutako neurri horiek 20 egunez egongo dira indarrean. “Gero berriro egoera aztertu beharko da”. Eta IƱigo Urkullu Lehendakariak esan du datozen asteetan “zuhurtziaz” jokatu beharko dela. Baina egoerak hobera egiten jarraituko balu, eta intzidentzia tasa 150 azpitik kokatuko balitz edo 50 urtetik gorakoen txertaketa %90era iritsiko balitz, ondoko erabakiak ere hartu ahalko liratekeela esan dute:
- Jarduerak eteteko eta establezimenduak ixteko ordutegiak 01:00etara luzatzea.
- Merkataritzan, azoketan, azoka txikietan, kanpoko kultur ekitaldietan eta kultu aretoetan edukiera handitzea.
- Ekitaldietarako gehieneko edukiera handitzea: 600 barnealdean eta 800 kanpoan.
- Ostalaritzan mahai bakoitzeko sei pertsona egotea.
- Txokoak eta elkarte gastronomikoak irekitzea, ordutegia, edukiera eta distantzia mugekin.
- Barruko esparruetan kirol jarduera ahalbidetzea, gehienez 10 pertsonako taldeetan.
- Kirol ekitaldietan publikoa baimentzea. Beti % 60ko edukierarekin, eta gehienez 800 pertsonako edukierarekin barnealdean edo 1.200 pertsonako edukierarekin kanpoan.
- Bisita gidatuen, naturako turismoaren, aisialdi-zentro turistikoen eta abarren kanpoko jarduerak antolatzeko pertsona-taldeak handitzeko aukera ematea.
- Edukiera % 60ra handitzea igerilekuen, lorategien, hoteletako terrazen eta kanpinen kanpoaldean.
Egoera epidemiologikoari dagokionez, esan du azken asteetan kutsatuen beheranzko joera eten egin dela, eta horrek tentuz ibili beharra erakusten duela. “Adi egon beharko dugu datozen hiru asteetan zer nolako bilakera daukagun”.