Elkartasuna, Lekeitiotik Burkina Fasora
Burkina Fasoko (Afrika) umezurztegi bat eta emakume baztertuen proiektu bat laguntzeko bilketa solidarioa egin dute Lekeition. Osasun materiala, eskola materiala, arropak, etxeko tresna elektriko txikiak eta beste hainbat material batu dituzte.
Tresnak, jostailuak, botikak, arropa, janaria, altzariak, eskola-materiala eta lagun dezakeen guztia bidali dute Lekeitiotik Burkina Fasora (Afrika) bertako umezurztegi bat eta emakume baztertuen proiektu bat laguntzeko. Mertxe Chacon bilbotarrak abiarazitako Paka Nuga elkarteagaz bat egin zuen lekeitiar talde batek, eta elkarteak Burkina Fason aurrera daramatzan proiektuei laguntzeko bilketa solidario bat egin dute herrian.
Maiatzean egin dute bilketa, asteburu bitan, eta herritarren esku zabaltasuna “itzela” izan dela azpimarratu dute. Hala, osasun materiala (fardelak, konpresak, botikak, eskularruak, guatea, makuluak, gurpildun aulkiak…), umezurztegirako eskola materiala (kalkulagailuak, mahaiak…), arropak, etxeko tresna elektriko txikiak, koltxoiak eta janaria ere batu dira. Hori guztiori edukiontzi handi batzuetan bidaliko da orain, Burkina Fasora, behar dutenei laguntzeko.
Guztira, hiru edukiontzi beteko dituzte, eta horretarako, Lekeitiotik lau furgoneta bete material bidali dute Bilborantz. Esan dutenez, beste leku batzuetatik ere laguntzen ari dira, Araba eta Nafarroatik esate baterako. Lekeition bi talde hasi ziren egitasmoari lagundu nahirik eta elkarren berri izan zutenean indarrak batzea erabaki zuten elkarlanean aritzeko. Asteburuetan ibili dira batutako guztia Bilbora eramaten, eta neketsuak izan badira ere, emaitzagaz oso pozik geratu dira. “Behar polita egin da, gustura ibili gara, giro ederrean eta hurrengorako ere geratu gara elkar hartuta behar egiteko”.
Bidalketa. Edukiontziak Burkina Fasora bidaltzea da garestiena, 7.000 euro, eta horretarako diru bilketa bat ere egin dute. Guztira, 1.572 euro batu dituzte Lekeition herritarren ekarpenari eta Bihotz Zabal taldeari esker. Azken horrek, liburuak eta saldu ditu dirua lortzeko. Horrez gain, ekarpenak ere egin daitezkeela azaldu dute, elkarteak daukan banku-kontuaren bidez.
Lekeitioko bilketa solidarioa antolatu dutenak eskerrak eman nahi izan dizkiete lagundu duten guztiei. “Furgonetak itxi digutenei, Karitasi, Eskola Publikoari, herriko denda eta botikei, lagundu duten talde guztiei, Zugana garbitegiari, Alvarez anaiak igeltseroei, Solozabal autoeskolari lokala uzteagaztik eta lagundu duten herritar guztiei. Eurak barik ez zen posible izango guzti hau egitea eta”.
Sahelakoak ere janaria eman dietela nabarmendu dute. “Sahelak Saharako kanpalekuetarako janaria biltzen du, baina logistika arazoagatik ezin izan dute bertara bidali eta beste proiektu hau laguntzea erabaki dute”.