Markina-Xemeingo Zelaiaren beheko parteko errepidea itxiko dute asteburuetan
Eremu horretan garajeak dituzten herritarrek eta taxistek sarbidea baimenduta izango dute. Herritarren eskariari erantzunez hartu du udalak erabakia.
Asteburu honetatik hasita, Markina-Xemeingo Zelaiaren beheko parteko errepidea zirkulazioari itxita egongo da asteburuetan. Barikuetan 17:00etatik 21:00etara eta zapatuko 15:00etatik astelehenetako 07:30era egongo da itxita.
Eremu horretan garajeak dituzten herritarrek eta taxistek sarbidea baimenduta izango dute, baina kontrako noranzkoan sartuta, Santa Kurutzeko ermitako aldetik.
Udalak azaldu duenez, herritarren eskaerari erantzuna emanez hartu dute erabakia, inguru horretan segurtasuna bermatzeko. “Aisialdiaz gozatzeko ohiko tokia da, jende eta batez ere ume ugari ibiltzen den gunea, bereziki egun eta ordu konkretu horietan”.
Udalak abisua bidali die etxera, inguru horretako bizilagunei. “Erabakia herritar guztion onerako izatea eta honek inguruko bizilagunei ahalik eta eragozpen gutxien eragitea espero da”.