Sexu eta genero aniztasuna lantzen duen emanaldia, Markina-Xemeinen
Maria Urcelay-k eta Yogurinha Borovak antzeztuta, 'Meri, Mari eta Lari' ikuskizuna ikusteko aukera egongo da zapatuan, 17:30ean, Markina-Xemeingo Uhagon kulturgunean.
Meri, Mari eta Lari ipuin eta kantuz osatutako antzezlana, eta 50 minutuko iraupena dauka. Obra Galder Perezek zuzenduta dago, eta zapatuan [ekainak 5] Markina-Xemeingo Uhagon kulturgunean ikusi ahalko da, 17:30ean. Ikuskizunak sexu eta genero aniztasuna lantzen ditu; familia eredu ezberdinez, beldurrak baztertzeaz eta, orokorrean, askatasunaz dihardute. Ikuskizuna umeei zuzenduta badago ere, adin guztietako herritarrentzako «aproposa» dela azpimarratu dute. Sarrera doan, baina gonbidapenak aurretiaz hartu behar dira udaletxeko herritarrentzako kutxazainean.
Sinopsia. Meri haurdun dago. Laster izango du umea. Aspaldi ikusi gabeko Mari lagunarekin topo egingo du. Marik ez zekien Meri haurdun zegoenik. Ezusteko ederra jaso du. Eta iritsi da betiko galdera: umea zer izango den galdetu dio Marik Meriri. Zergatik galdetu behar dugu neska ala mutila izango den? Hori ez al du umeak berak aukeratuko etorkizunean? Zergatik mugatu bi aukera horietara? Izan nahi duen guztia izango du aukeran umeak: ameslaria, dantzaria, pilotaria, borrokalaria, jostalaria… Horregatik jarriko diote Lari izena.