Koldo Rodriguez: "Kalakanena kontzertu indartsua da; muntaia berezi bat dakarte"
Iparraldeko Haizeak ekimenaren baitan, Kalakan taldearen kontzertua antolatu du Aittitta Txiki elkarteak ekainaren 25erako. Lekeitioko Ikusgarri zinema aretoan izango den kontzerturako sarrera gutxi geratzen direla jakitera eman dute.
Zergatik ekarri nahi izan duzue Kalakan aurtengo Iparraldeko Haizeetara?
Gaur eguneko Iparraldea irudikatzen duen taldea delako. Alde batetik, hemen Iparraldeari buruz pentsatzen dugunean, zerbait bukolikoa datorkigu burura, tradizioa, baina, beste alde batetik, Iparraldea modernitatea ere bada, eta horregatik aukeratu dugu Kalakan, gauza biak, tradizioa eta modernitatea uztartzen dituelako. Hori egiterakoan, gainera, ikusle esparrua ere, ikusleen adin muga, asko zabaltzen da; jende nagusiari gustatu ahal zaio eta jende gazteari ere bai. Ikusleen espektro zabala dauka eta horregatik ere aukeratu dugu.
Iaz bertan behera geratu baziren ere, aurten Iparraldeko Haizeak beste modu batean ari zarete antolatzen.
Gauza bitxi bat gertatu zaigu. Aurten 21. Iparraldeko Haizeak dira, baina 20. urteurrena geratu zaigu ospatzeko; iaz ospatu behar zena eta ez zena egin. Ikusten genuen alde batetik, kulturari gizartean daukan lekua kendu zaiola eta leku hori eduki egin behar duela, eta horregatik animatu ginen beste modu batera Iparraldeko Haizeak antolatzen, ekimen kultural solteekin eta denboran luzatuta. Ez egoteko dena asteburu baten, baizik eta luzeago izateko eta herrian kultur ekimen gehiago egoteko eta jendeari joateko aukera emateko. Eta geratzen da, datorren urtean egoera normaltzen bada, urtebete atzera egin eta aurten 21. ospatu badugu, datorren urtean 20. urteurrena bere indar guztiagaz ospatzea; 20. urteurren batek merezi duen egitarau indartsu bategaz eta beste dimentsio bategaz.
Kalakanen kontzertua ere pisu handikoa da. Badakizue zer eskainiko duen?
Azken diskoa aurkeztuko dute. kontzertu indartsua da, eta muntaia berezi bat dakarte. Saiatu gara, antolatu ditugun ekintza solte horietan, kalitatea bermatzen, bai Asisko Urmenetagaz, bai Erramun Martikorenagaz eta baita bertsolariekin ere. Beste ekintzaren bat ere badarabilgu esku artean, eta dinodan moduan saiatu gara ekintza interesgarriak eta kalitate handikoak bermatzen. 20. urteurrenean ere ekintza bereziak antolatzea izango dugu helburu, eta atzera begira jarriko gara zer egin den ikusteko. Egia esan, ideia zoro baten moduan hasi zen kontua, eta gaur egun herrian errotuta dagoen ekintza bat da. Dinamika batek 21 urte irauteak erakusten du jendeak bere atxekimendua adierazten diola, eta maila baten Lekeitioko herriari eskertu beharra ere badaukagu. Hortik joango da apur bat 20. urteurrena.
Kalakanen kontzertuko sarrerei dagokionez, zelan doa salmenta? Non lortu daitezke?
Kultur etxean eskuratu ahal dira edo bestela Internetez ere erosi daitezke. 40 sarrera geratzen dira.
Kontzertura joan nahi dutenek arin ibili beharko dute orduan.
Ezustekoa hartu dugu sarrerak zelako martxan hasi diren saltzen ikusita. Ezin izaten da aurreikusi jendearen erantzuna zein izango den, baina dirudienez kontzertuak interesa eragin du.
Ikusgarri aretoan izango da kontzertua. Zenbat lagunek edukiko dute Kalakanekin gozatzeko aukera?
Lekeitioko zinema aretoa txikia da, eta pandemiaren ondorioz lekuak murriztuta daude gainera. Guztira, beraz, 140 lagun egongo dira oraingoz. Hala ere, Labiren bilera deituta dago aste honetarako edo datorrenerako, eta izan daiteke edukiera kopurua igotzea. Horrela gertatuz gero, internet bidez jarriko ditugu salgai eskaini ahal dugun gainerako sarrera kopurua. Baina, printzipioz 140 dira. Agortu arte egongo dira sarrerak salgai kultur etxean zein webgunean. Kultur etxean 15 sarrera geratzen dira eta 25 interneten. Kontzertura joan nahi duenak arin ibili beharko du.
Orain arteko ekintzek ere erantzun ona eduki dute?
Ikaragarrizko erantzuna eduki dute, inoizko erantzunik handiena. Kutxa Biragaz hasi ginen eta dena bete zen eta Erramun eta bertsolariekin ere berdin. Lekeition bertso saio baten 200 pertsona batzea arrakasta handia da.