Wargame erakusketa ikusteko aukera egongo da asteburuan Lekeition
Lekeitioko Warhammer elkarteak antolatuta, Wargame mahai jokoaren erakusketa ikusteko aukera egongo da zapatuan eta domekan [ekainak 19-20], Lekeitioko Eskolapeko erakusketa aretoan.
Zapatuan [ekainak 19] 12:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:00etara egongo da zabalik erakusketa, eta domekan [ekainak 20] 12:00etatik 14:00etara. Warhammer elkarteko kideek azaldu dutenez, miniaturak ikusteko aukeraz gain, margotzeko eta partida bat nola jokatzen den ikusteko aukera ere egongo da. «Alde batetik miniaturen erakusketa egongo da eta, bestetik, beste txoko batean miniatura batzuk ipiniko ditugu eta nahi duenak horiek margotu ahalko ditu».
Zehaztu dutenez partida zapatuan [ekainak 19] jokatuko dute, «baina izan liteke domekan [ekainak 20] ere beste partida bat jokatzea». Hori, hain zuzen, elkarteko kideek Bilboko beste lagun batzuekin duten harremanari esker egingo dela esan dute. «Haiek etorriko dira eta eurekin jokatuko dugu partida».
Beraz, urtero egin modura, beste behin ere zaletasun hori bertatik bertara ezagutzeko aukera eskainiko du elkarteak. Eta zelan ez, zalantzak argitzeko ere han egongo dira elkartekoak.