Berriatuan lehiatuko dute Euskaldun Txapelketaren lehen proba
40. San Gregorio Saria. VI. Asier Aranzeta Memoriala domekan [ekainak 20] lehiatuko dute, 10:00etan hasita. 120-130 txirrindularik parte hartzea espero dute antolatzaileek.
Berriatuko 40. San Gregorio Saria. VI. Asier Aranzeta Memoriala izango da aurtengo Euskalduna Txapelketaren lehenengo proba. Domekan [ekainak 20] lehiatuko dute 127,2 km-ko lasterketa, 10:00etan hasita. Elite eta 23 urtez azpikoen proba horretan 120-130 txirrindulari espero dituzte proba antolatu duten Berriatuko Txirrindulari Elkarteko kideek.
Iaz eta aurten antolatu dituzten lasterketetan modura, COVID-19agatik osasun eta segurtasun protokoloa beteko dutenez, Cikautxoren aparkalekuan burbuila eran egongo dira taldeak, eta helmugan eta sari banaketa ekitaldian ezingo da publikorik egon. “Protokoloak jarraitu behar ditugu eta jendeari eskatzen diogu burbuilak errespetatzeko”.
Cikautxoren aparkalekuan hasiko dute lasterketa, eta Aitxekutz Sarian modura, Bustinzuri kalean helmugaratuko dira. Lekeitiora lau buelta egingo dituzte, eta azken bi bueltetan Mendexara igoko dira, eta azken bueltan, berriz, Ondarroatik igaro beharrean Asterrika auzotik igaroko dira txirrindulariak. Horixe da aurtengo berrikuntza edo aldaketa. “Guk antolatutako lasterketen artean lehenengo aldia da Elite eta 23 urtez azpikoak Asterrikatik pasatzea erabaki dugula. Gainontzekoan iazko ibilbide bera da”.
Antolatzaileek, bestalde, enpresa laguntzaileen eta boluntarioen lana ere eskertu nahi izan dute. “Nahiz eta urte gogorra izan, lasterketa babesten lagundu diguten enpresei eskertza eman nahi diegu. Baita laguntzaile denei ere, boluntario horiek barik zaila izango litzatekeelako halako lasterketa bat antolatzea”.