Markina-xemeindarrek 2022ko udal aurrekontuetarako proposamenak aurkez ditzakete
Markina-Xemeingo Udalak aurrekontuak osatzeko prozesu parte hartzailea jarri du martxan.
Markina-Xemeindarrek 2022ko udal aurrekontuetan lehentasunak finkatu eta proposamenak egiteko aukera edukiko dute. Galdetegi bat prestatu du udalak herritarren iritzia jasotzeko, eta etxez etxe ari dira banatzen. Hala ere, galdetegia Internet bidez ere eskuragarri dago Markina-Xemeingo Udalaren webgunean. Galdetegia aurkezteko azken eguna ekainaren 29a izango da.
Atal bitan banatu du udalak galdetegia. Lehenengoan hainbat lan lerro bakoitzaren interes eta lehentasunen arabera ordenatzeko aukera ematen du, 1etik 10era arteko zenbakiak erabilita. Ondorengoak dira lan lerroak:
- Iriste erraztasuna eta mugikortasuna
- Berdintasuna eta gizarte politikak
- Ingurumena eta trantsizio energetikoa
- Berraktibazio ekonomikoa eta lehen sektorea indartzea
- Turismoa
- Gazteria
- Kultura
- Euskara
- Kirola
- Garbitasuna
Bigarren atalean, berriz, nahi diren proposamenak aurkeztu ditzakete herritarrek, beti ere udal eskumenekoak eta interes orokorrekoak izan behar dira.
Galdetegiak aurkezteko modu bi daude. Alde batetik, eskuz bete eta udaletxeko Berton bulegoan entregatu edo udaletxeko buzoian utzi daiteke. Bestetik, udalaren webgunean dagoen galdetegia jaitsi eta bete ondoren, posta elektronikoz bidali komunikazioa@markina-xemein.eus helbidera.
Zehaztu dutenez, Markina-Xemeinen erroldatuta dauden 16 urtetik gorako guztiek parte hartu dezakete.