Udan euren udalerrietako kontsultategietan arreta jasotzeko eskatuko dute eskualdeko bost udalerrietako biztanleek
Amorotoko, Aulestiko, Gizaburuagako, Ispasterko eta Mendexako herritarrek protesta egingo dute udan euren kontsultategietan ez dutelako jasoko aurrez aurreko arretarik.
Amorotoko, Aulestiko, Eako, Gizaburuagako, Ispasterko eta Mendexako hainbat herritar taldek udan ere osasun arreta zerbitzua euren herrietan jasotzen segitu nahi dutela aldarrikatzeko Lekeitioko anbulategiaren aurrean elkarretaratzean batzeko deia egin dute zapaturako [ekainak 26]; 12:00etan ipini dute ordua.
Osakidetzatik jakinarazi diete uztailaren 19tik aurrera aldizka eta abuztuaren 16tik irailaren 10era jarraian Lekeitioko anbulatorioan jasoko dutela aurrez-aurreko arreta, “ezin dutelako herri horietako kontsultategietako arreta medikua mantendu”. Duela urte batzuetatik, Osakidetzan eta bereziki Lekeitioko anbulatorioan “udako ordezkapenak egiteko medikuen gabezia” dutela esan diete. Arazo horri aurre egiteko, “gehiegizko esfortzua eginda, profesionalek euren jarduna bikoiztu” behar izan dutela azaldu diete.
Hala ere, zonaldean “arreta sanitarioa bermatuta” egongo dela hitz eman diete. Herritarrek osasun zentrora deitzean, eskakizun sanitarioa beharrezko profesionalari bideratuko dietela esan diete eta premiazkoa izanez gero behar den lekura bertaratuko direla osasun langileak.
“Bost aste daramatzagu Amoroton eta Mendexan mediku kontsultan arreta jaso gabe. Hori gutxi ez balitz uztailaren 19tik irailaren 10era Aulesti, Gizaburuaga, Ea eta Ispasterreko kontsultak ere Lekeitioko anbulategira zentralizatu nahi dituzte. Herri txikietakoak ez garelako bigarren mailako biztanleak, eta gure eskubidea delako herrian bertan mediku kontsulta izatea, zapatuan denok Lekeitiora!”, adierazi dute zapaturako deialdia egin duten herritarrek.