Antonio Morgadok irabazi du Bizkaiko Itzuliaren Markina-Xemeingo etapa
Amaiera ikusgarria izan da, portugaldarrak 4 segundoko abantaila atera dio atzetik zekarren taldeari.
Antonio Morgado Portugalgo Barrada Cycling Club taldeko txirrinduaria izan da gaur [uztailak 2] Markina-Xemeinen hasi eta amaitu den Bizkaiko Itzuliaren 2. etapako bizkorrena. Bakarrik ailegatu da Morgado helmugara, eta atzetik esprintean sartu dira lasterketa buruko taldekideak. Amaiera ikusgarria izan da, portugaldarrak 4 segundoko abantaila atera dio Leandre Lozouet (ACT), Gonzalo Tavares (BAI), Lucas Lopes (BAT) eta Abel Odon Rosado (ACT) buru izan dituen taldeari.
Egun beroak eta etaparen gogortasunak tropelean eta AG2R taldeko Yanes Seguin lasterketako liderrarengan eragina izan dute. Atzo [uztailak 1] lortutako Bizkaiko Itzuliko lidergoa galdu du Frantziako AG2R Citroen U19 Team taldeko txirrindulariak. Bizkaitar batek hartu du Seguinek galdutako lidergoa; Xabier Aransolo bizkaitarra jarri da lider sailkapen nagusian.
97,10 kilometroko ibilbide gogorra izan dute aurretik, gaur, txirrindulariek. Sei mendate gainditu dituzte, horietatik azpimarragarrienak Lekoitzgane eta Gontzugaraigne mendateak izan direlarik, biak 2. mailakoak. Lasterketako burua lau txirrindularik osatu dute lasterketaren tarte handi batean, baina Plazakolan harrapatu ditu lasterketa buruan zihoan taldeak. Azkenik, helmugarako hiru kilometro falta zirenean Bairrada taldeko txirrindulariek abantaila txiki bat hartu dute.
Mendiko sailkapen nagusian Eola Kometa taldeko Zeteny Szijarto txirrindularia izan da saria jaso duena. Ihes eginda egon diren lau txirrindularietako bat izan da Szijarto. Lea-Artibaiko txirrindulariak ere amaitu dute gaurko lasterketa. MX Ondarroa Aurrera-Ekin taldeko Mikel Arrasate, Aiert Txurruka eta Unax Lara txirrindulariek eta Aritz Arroitajauregi markina-xemeindarrak (Gaursa/La Tostadora) besteak beste. Luis Egurrola Markina-Xemeingo alkateak eman ditu gaurko sari batzuk.
Probaren hirugarren eguna Sopelan hasiko da bihar [uztailak 3] 10: 00etan. Bertan, korrikalariek 3. mailako Umbe mendateari aurre egin beharko diote, 69,4 kilometroko distantziarekin. Arratsaldean, Muskizen jarrituko du probak. Txirrindulariek 7,4 kilometroko erlojuaren kontrakoa egin beharko dute.
1. Antonio Morgado, Bairrada Cycling Team 02:39:00
2. Leandre Lozouet, AG2R Citroën U19 Team + 04
3. Gonzalo Tavares, Bairrada Cycling Team + 04
4. Lucas Lopes, Bathco Cycling Team + 04
5. Abel Rosado Novillo, AG2R Citroën U19 Team + 04
6. Will Smith, Z Junior Cycling Team + 04
7. Adam Bent, Gaursa/ La Tostadora + 04
8. Aimar Galdos, Gaursa/ La Tostadora + 04
9. Owen Lightfoot, Z Junior Cycling Team + 04
10. Bence Meszaros, EOLO-KOMETA U19 + 04