Euskadiko boxeo txapelduna Markina-Xemeinen geratu da
Ibai Arantzamendi Euskadiko kruzero pisuko boxeo txapelduna ez da Espainiako txapelketara joan. Lesio batetik errekuperatzen ari da boxeolari markina-xemeindarra. Ekainean geratu zen Euskadiko Txapeldun.
Ibai Arantzamendi boxeolari markina-xemeindarra Euskadiko txapeldun geratu zen ekainean. Garaipen horrek Espainiako Txapelketarako pasea eman zion, baina Espainiako txapelketan ez parte hartzea erabaki du, belauna eta eskuturrak minduta dituelako. Aste honetan lehiatzen ari da txapelketa, eta domekara arte luzatuko dira lehiak.
COVID-19 pandemia dela eta, lehiatu ezinik egon da Arantzamendi denbora luzean. Tarte horretan, gainera, entrenatzera joaten zen Bilboko gimnasioa itxi zuten, eta Gasteizen ari da entrenatzen egun. “Bilbokoa itxi zutenean beste leku baten bila hasi nintzen. Banekien Gasteizen profesionalak entrenatzen zituen entrenatzaile bat zegoela, Euskal Herriko taldeagaz joan nintzenean ezagutu nuen. Profesionalez gain amateur talde bat ere entrenatzen du, eta beragaz kontaktuan jarri eta Gasteizen entrenatzen hasi nintzen”. Ordutik, astean birritan joaten da Arantzamendi bertara entrenatzera.
“Gastu handia suposatzen digu parte hartzeak; bidaia, hotela eta dena ordaindu behar dugu. Beraz, sasoi betean egon barik joateak ez du merezi”
Pandemia egoeran boxeoa ere geldirik egon bada ere, apurka-apurka hasi dira lehiaketak. Horietako bat izan zen Euskadikoa. Gipuzkoako boxeolari baten kontra jokatu behar izan zuen, eta borroka ez zela erraza izan azaldu du. “Aurkaria borroka bi egindakoa zen bakarrik, mutil gogorra, baina esperientzia faltagatik agian boxeo arraroa zeukan eta zailagoa zen bere aurka aritzea. Ez zidan utzi nire boxeoa egiten”. Hala ere, borrokaldi guztiak irabazi eta garaipena ematen zioten puntuak lortu zituen Euskadiko Txapeldun bihurtuz.
Lesioekin ere arazoak izan ditu boxeolari markina-xemeindarrak. Txapelketa aurretik, lehiarako hilabete eta erdi falta zela hain zuzen ere, min hartu zuen belaunean eta hiru astetan entrenatu ezinik egon zen. Beraz, “espero baino gogorragoa” egin zitzaion borroka. Hori dela eta erabaki du Espainiako Txapelketara ez aurkeztea, ondo errekuperatzeko. Bestalde, gastu guztiak bakoitzak ordaindu behar dituela ere jakitera eman du: “Gastu handia suposatzen digu parte hartzeak; bidaia, hotela eta dena ordaindu behar dugu. Beraz, sasoi betean egon barik joateak ez du merezi”.
Aurrerapausoak ematen. Boxeoan aurrera egitea da Arantzamendiren asmoa, eta beraz, prestatzaile fisiko batekin hasi da lanean, Gontzal Urionabarrenetxea markina-xemeindarragaz. “Gero eta gehiago ari naiz ikasten. Ikusten nuen ez nuela aurrera egiten, eta COVIDa ondo etorri zait beste aurrerapauso bat emateko. Prestaketa fisikoagaz hasi naizenetik aldaketak nabaritzen hasi naiz”.
Boxeo gauak berriz egoteko gogoz dago Markina-Xemeingo boxeolaria, izan ere, datorren urtera arte ez da txapelketarik egongo. “Publikoa ikuskizunetara itzultzeko zain gaude. Ezin da boxeo gaurik egin ikusle barik; ez da berdina”.