Kalean edatea eta jende pilaketak sortzen dituzten ekitaldiak debekatu ditu Labik
Labiren Aholku Batzordeak erabaki du indarrean dauden neurriei eustea. Kaleko edanak eta festak galarazi egin dituzte dekretu bidez.
Atzo [uztailak 8] sartu zen indarrean LABIren Aholku Batzordeak herenegun [uztailak 7] onartutako dekretu berria. Horren arabera, orain arteko neurriei eutsiko zaie eta beraz, ekainaren 19tik Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan indarrean dauden neurriak ez dira zorroztuko.
Hala ere, indarrean dauden neurriez gain, “botiloi” edo “jai egun ez diren jaiak” edo pertsonen pilaketa sortzen dituzten antzeko beste ekitaldi batzuk egitea debekatu dute. Debeku hori aplikatuko da metro eta erdiko pertsonen arteko distantzia eta aplikatu beharreko gainerako prebentzio neurriak errespetatzen ez dituzten topaketa horietan, barruan zein kanpoko egin. Dekretuak topaketei, festei eta bestelako ekitaldiei egiten die erreferentzia —herri bazkariei, esaterako—. Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren kontrolak gehituko dira halakoen gaineko kontrolerako.
Orain arteko neurriak mantenduko badira ere, goranzko joerak jarraituz gero edo ospitale-presioa areagotuz gero, neurriak gogortu ahalko direla aurreratu dute. Horrela, merkataritza, gizarte eta kultur jarduerak ixteko ordutegia aurreratzea eta beste neurri osagarri batzuk hartuko dituztela azaldu dute.
Egoeraren ezegonkortasuna eta ziurgabetasuna direla eta, dekretuaren edukia beste hamabost egun barru berriro baloratuko dutela jakitera eman dute.
LABIren Aholku Batzordearen bileraren ostean egindako agerraldian, Iñigo Urkullu Lehendakariak Bizi Berri IV Plana aurkeztu zuen, eta “prebentzio pertsonaleko eta komunitarioko oinarrizko neurriak berriz ere erdigunean jartzeko” deia egin zuen. Une honetan maskara erabiltzearen, distantzia mantentzearen eta erne egotearen garrantzia ere azpimarratu zuen lehendakariak: “Funtsezkoa da ez parte hartzea prebentzio neurririk ez duten pertsonak biltzen dituzten topaketa, jai edo ekitaldietan, ez kanpoan, ez barruan”.