Araba, Bizkai eta Gipuzkoako jatetxeek bezeroen erregistro bat gorde beharko dute hiru astez
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren eguneraketa baten arabera, ostalariek zerbitzuaren data eta ordua idatzi beharko dituzte, agerraldiren bat gertatuz gero jarraipena errazteko.
Aurrerantzean mahai bakoitzeko gutxienez kide baten datuak gorde beharko dituzte Araba, Bizkai eta Gipuzkoako jatetxeek. Hala dio Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak COVID-19aren zabalkundea eragozteko protokoloan egin duen azken eguneraketak; ostalariek hiru astez gorde beharko dituzte datuok, agerraldiren bat gertatuz gero jarraipena errazteko Osakidetzari.
Erregistro horretan zerbitzuaren data eta ordua idatzi beharko dituzte, eta osasun zerbitzuek hala eskatuz gero, haiei eman beharko zaie agiria.
Argitaratutako oharraren arabera, kutsatzeko arriskua handiagoa da barrualdean aire librean baino. Leku horietan maskara erabiltzearen garrantzia azpimarratu du Osasun Sailak, eta egungo protokoloan indarrean dauden beste neurri batzuk gogorarazi dituzte: distantzia, gehienezko edukiera, aireztapena…