Markina-Xemeingo Txosna Batzordeak bost eguneko egitaraua dakar
Eskaintza xume baina zabala ematea dute helburu, jende desberdinaren interesak beteko dituena. Horma irudi baten margoketagaz hasiko dira ekimenak bihar [uztailak 14].
Oraindik ohiko jairik ospatu ezin denez, Karmen jaiak izango litzatekezen egunetarako kultur eta kirol ekimenez beteriko egitaraua prestatu du Markina-Xemeingo Txosna Batzordeak. Iaz ere ahalegina egin zuten arren, COVID-19 pandemia dela-eta, bertan behera utzi zituzten aurreikusitako ekintzak. Aurtengo urtean, ordea, ekitaldiak antolatu dituzte batzordeko talde desberdinek, hitzaldiak, proiekzioak… eta egun hauetan ere ekintzak egotea nahi izan dute, herritarren arteko harremanak estutu eta aisialdi eskaintza bermatzeko.
“Bagenekien ezingo zela barra bat muntatu eta ezingo zela gauza handirik antolatu, baina zer edo zer xumea egitea erabaki dugu”, azaldu dute. Horrela, txosnagune alternatibo bat prestatu dute Gaztelekuaren aurreko patioan. “Karpa txiki bat muntatu dugu, eta edukiera kontuan hartuta eta segurtasun neurri guztiekin, bertan egingo dira edo bertatik hasiko dira ekintza guztiak.
[TXOSNA BATZORDEAREN EGITARAUA]
Bihar [uztailak 14] hasiko dira ekimenak horma irudi baten margoketagaz. Zelaiko kioskoaren beheko partean Txosna Batzordearen leloa margotuko dute: Herritik herriarentzako merezi dugulako. Azaldu dutenez, etzi [uztailak 15] ziren murala egitekoak, baina Zirku antzerkia dago egun horretan Uni frontoiaren aurrean, eta beraz, horma irudia bihar margotu eta etzi inauguratuko dute Buztarri aurrean hasiko den kalejiraren amaieran. Bihar, beraz, horma irudia margotu eta film baten proiekzioa egongo da gauean.
Musikak ere edukiko du tartea. Eguenean [uztailak 15] eta barikuan [uztailak 16] egongo dira kontzertuak, eta jada sarrerak saltzen hasita daude. Jakitera eman dutenez, sarrerak Gaztelekuaren aurrean jarri duten karpan egongo dira salgai 18:00etatik aurrera gaur ere. Atzo hasi ziren salmentagaz eta dagoeneko edukieraren erdia beteta zegoela aipatu zuten.
Eguenean, Pantx Records Euskal Herrian Jamaikako kultura musikala euskaraz sustatzea helburu duen Bilbon sortutako diskoetxe kolektiboaren baitako musikari edo DJen eta Virginmariren kontzertu eta DJ sesioa egongo da. Barikuan, berriz, No Limits talde bergararraren, Ameba talde usurbildarraren eta Kohatu Berrizko rock-metal taldearen kontzertua. “Eguenean kontzertuak eta afaria egongo dira, eta barikuan bakarrik kontzertuak”, zehaztu dute. Horrez gain, DJ Marianok jarriko du musika bariku goizean.
Sarrerak eskuratu beharko dira baita ere, domekako [uztailak 18] bertso saiorako. Lau bertsolari aterako dira Gazteleku aurreko karpara kantura: Ibai Amillategi Omaetxebarria gernikarra, Iruri Altzerreka Martinez garaitarra, Xabat Galletebeitia Abaroa lekeitiarra eta baita Nahia Ibarzabal Gisasola markina-xemeindarra ere.
[TXOSNA BATZORDEAREN EGITARAUA]
Zapatuan [uztailak 17], jaietan Zelaian egiten den herri bazkariari keinu bat eginez, paella prestatuko dute nahi duenak eramateko. Arratsaldean, ostera, jolasak egongo dira Gaztegune aurrean. Irratsaio berezia ere eskainiko dute zapatuan aurtengo gune berritik. Txosna Batzordeko kide diren EUP! Irratikoak eskainiko dute zuzeneko emanaldia zapatu goizean zehar.
Bestelde, mendi irteera bat egingo da barikuan, eta parte hartu nahi dutenek 10:00etan dute geratzeko ordua, txosnagunean.
Aurtengoan ere autogestioan oinarrituko da Txosna Batzordea ekimenak antolatzeko, eta produktu lokalen erabilera sustatuko dute. Ohi modura, euskara eta euskal kulturaren aldeko apustua egin dute, eta horren adierazgarri da egitaraua prestatzeko egin duten aukeraketa. “Gure asmoa izan da eskaintza xume baina zabala ematea, jende desberdinaren interesak beteko dituena”.