Azaro Fundazioak hartuko du Lea-Artibai eskualdearen garapen ekonomikoaren ardura
Gaur egun hiru erakunderen bidez ematen den zerbitzua erakunde bakarrean barneratzeko prozesuari ekin diote. Jakitera eman dutenez, erakunde publiko zein pribatuak arlo hori sustatzeko elkarlanean ariko dira Azaro Fundazioagaz batera.
Hiru dira Lea Artibai eskualdearen garapen ekonomikoaren esparruan lanean dabiltzan erakundeak: Landa Garapen Elkartea, lehen sektorean; Leartibai Garapen Agentzia, merkataritza eta turismo sektorean eta Azaro Fundazioa, bigarren sektorean. Hiru erakundeek eskualdeko enpresa ehun osoaren lehiakortasunaren aldeko estrategia, proiektu eta ekintzak bideratzen dituzte, eskualdeko udal, erakunde pribatu eta Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritzaren babesagaz.
Indarrak batu nahian, eta sinergiak aprobetxatzeko helburuagaz, gaur egun hiru erakunderen bidez ematen den zerbitzua erakunde bakarrean barneratzeko prozesuari ekin zaio. Erakunde hori Azaro Fundazioa izango da, eta bere helburua eskualdeko sektore guztien lehiakortasunaren alde lan egitea izango dela jakitera eman dute. “Bere patronatuan ordezkaritza izango dute eskualdeko 12 udalek, Lea Artibai Ikastetxeak, Leartiker zentro teknologikoak, eskualdeko Kooperatiben Mahaiak, Bizkaia Sortaldeko Industrialdea S.A., Landa Garapen Elkarteak eta Azaro Fundazioko langileek”.
Azpimarratu dutenez, patronatua osotuko duten erakunde guztiek, eta bereziki eskualdeko 12 udalek, “eskualde mailako garapen ekonomikorako estrategia bateratua bultzatzeko egindako apustua” da hau. “Lankidetza da enpresa ehunaren lehiakortasuna eta tokiko garapena bultzatzeko bidea eta gobernantza eredu berri honek oinarri sendoak ezarriko ditu horretarako”, azaldu dute.
Eredu berria 2022ko urtarriletik aurrera martxan izatea espero dute, eta epe hori buruan, bertan parte hartuko duten erakunde guztiak pausoak ematen ari dira, bakoitzak bere bilkura eta kontseiluetan eredu berri hau egikaritzeko lana eginez. Izan ere, erakunde publiko eta pribatuak arlo hori sustatzeko elkarlanean ariko dira Azaro Fundazioagaz batera.