Mañukorta omenduko dute Markina-Xemeingo Bertso Saioan
Zapatuan [uztailak 17] izango da Bertso Saioa, Uhagon kulturgunean. Gonbidapenak aldez aurreti hartu behar dira, udaletxeko kutxazainean.
Karmen Egunaren bueltan ohi modura, bertsoak izango du bere lekua Markina-Xemeinen. Aurten ere, bertso saioa antolatu du Markina-Xemeingo Bertso Eskolak. Uhagon kulturgunean izango da hitzordua, zapatuan [uztailak 17], 18:30ean.
Urteroko saioa, aurten, omenaldi batekin batera dator. Markina-Xemeingo Bertso Eskolakoek jakitera eman dutenez, omenaldi txiki bat egingo diote Gregorio Larrañaga Mandiola (Xemein, 1943) Mañukorta bertsolari markina-xemeindarrari.
Saioa doan izango da. Hala ere, momentuko egoera dela-eta edukiera mugatuta egongo denez, gonbidapenak eskuratu beharko dira aldez aurretik Markina-Xemeingo udaletxeko kutxazainean.
Lau bertsolari aterako dira Uhagoneko oholtzara: Andoni Egaña, Julio Soto, Jone Uria eta Iratxe Ibarra markina-xemeindarra. Gai jartzaile lanak, berriz, Amaia Errastik egingo ditu.
Omenaldia. Saioaren amaierarantz egingo diote omenaldia Mañukortari. Larruskaingo bertsolaria 1960an hasi zen bertsotan jendaurrean, eta egindako ibilbidea aitortu nahi dio bertso eskolak herriko bertsolariari.
«Ekitaldi xume bat izango da, baina detaile bat eduki nahi izan dugu berarekin, urte guzti hauetan bertsogintzari eskainitako beharrarengatik».