Gari jotze erakustaldia egingo dute Amoroton
Uztailaren 30ean [barikua] 19:00etatik aurrera egingo dute ekitaldia. Aspaldi gari jotzea zelan egiten zuten erakusteaz gain, Oraskaren eskutik, gari tradizionalen ogi erakusketa ere egingo dute.
Amorotoko Kultura Taldeak antolatuta, “lehengo erara, eta usadioari eutsiz”, gari jotze ekitaldia egingo dute uztailaren 30ean (barikua), 19:00etatik aurrera.
2017ko uztailean ere egin zuten erakustaldia. “Orain dela lau urte hainbat herritar elkartu ginen. Modu tradizionalean, orain dela 60 bat urte moduan egingo dugu”. Garai hartan erabiltzen zituzten makineria eta tresneria lortu zituzten 2017ko ekitaldirako, eta horiekin ariko dira oraingoan ere. “Behi-buztarriagaz tiratutako segadora bategaz moztuko da garia. Polita izango da, bai sasoi hura bizi izan zutenentzako eta baita gazteentzat ere, zer zen ikusteko. COVIDaren babeserako neurriak hartuko ditugu, eta jendea etortzera animatzen dugu”, azaldu du Ibon Gabiola Idoiagabeitia Amorotoko alkateak. Leku askotan ikusten ez den ekintza delako, aukera ona izango dela azpimarratu du.
Hilerriaren aurreko zelaian ariko dira. Bertan erein zuten garia abenduan. Orain lehortuta dago, mozteko prest eta gari aleak atera edo jotzeko moduan.
Gari jotzearen prozesu guztia erakutsiko dute: moztu, gari aleak atera eta garbitu.
Ondoren, baserriko ogi ekologikoa egiten duen Errigoitiko Oraska proiektuaren kideen txanda izango da. Gari tradizionalei buruz eta horrekin egiten diren ogi motei buruzko azalpenak eman eta erakutsiko dituzte. “Horrela, lehenagoko garia zelakoa zen, eta gaur egun ere halako gariagaz egindako ogiak egiteko eta eskuratzeko aukerak daudela ikusteko aukera edukiko du jendeak.
2017ko uztailean egindako ekintzaren ARGAZKI GALERIA: