Etxebarrian egitekoa zen kadeteen mailako txirrindulari lasterketa irailera atzeratu dute
Astelehenerako aurreikusita zegoen Etxebarriko IV. Sari Nagusia lasterketa. Etxebarriko eta Markina-Xemeingo COVID-19 positibo kasuen kopurua ikusita bertan behera uztea egokiagoa dela erabaki dute antolatzaileek.
Datorren astelehenean [uztailak 26] Etxebarriko IV. Sari Nagusia kadete mailako txirrindulari lasterketa lehiatu behar zen Lea-Artibaiko errepideetan zehar, baina Etxebarrian eta inguruko herrietan COVID-19 positibo kasuen kopurua nabarmen gorantz egiten ari dela ikusita, lasterketa atzeratzea erabaki dute antolatzaileek. “Egoera honetan oso gaitza egiten zaigu txirrindulari, epaile zein ikusleen osasuna eta segurtasuna bermatu ahal izatea”, azaldu dute.
Bestalde, egoera dela eta lasterketa antolatzen laguntzeko boluntarioak aurkitzea zail dagoela gaineratu dute, eta boluntarioen segurtasuna ere bermatu nahi dute.
Gaur [uztailak 21] arratsaldean hartu dute erabakia, azken orduetako datuak ikusita. “Datuak ikusita, lasterketa egunean kutsatuen tasa 1.000tik gora egongo dela ikusten dugu”.
Momentuz, beraz, irailaren 18ra atzeratuko da Amets Txurruka Lagunartie eta Markina-Xemeingo Txirrindulari elkarteak Etxebarriko Udalaren laguntzaz antolatzen duen txapelketa, eta orain dela bi urte modura, Bizkaiko txapelketa izango da.
Guztira, 61 kilometro inguruko ibilbidea osatu beharko dute parte hartzaileek. Etxebarritik irten eta Markina-Xemein, Berriatua, Ondarroa, Lekeitio, Gizaburuaga, Aulesti, Munitibar, Gontzugaraigana mendatea, Ziortza-Bolibar eta Markina-Xemein igaroko dituzte Etxebarriko helmugara heltzeko.
Lau urte eta gero, Etxebarriko Sari Nagusia klasiko bihurtu da jada, eta Bizkaiko txapelketa izatetik datorren urtean Euskadiko txapelketara jauzia ematea nahi dutela iragarri dute antolatzaileek.