Markina-Xemeingo Zelaiko jolas gunea eraberritzen hasiko dira
Dena ondo joanez gero, uztailaren 31rako parke berritua zabalik egotea aurreikusten dute.
Markina-Xemeingo Udalak jakitera eman duenez, gaur [uztailak 21] hasiko dituzte Zelaiko umeen jolas parkea eraberritzeko lanak. Azaldu dutenez, orain arte egon den azpiegitura kenduko dute lehenengo, eta horretarako egun bi beharko dituztela aurreikusten dute.
Barikuan [uztailak 23], berriz, jolas berrien muntaketarekin hasiko dira, eta jarraian kautxuzko zoru berria jarriko dute. “Ondo bidean, eta eguraldiak laguntzen badu beti ere, uztailaren 28rako lanak amaituta egotea, eta beranduen jota, uztailaren 31rako parke berritua irekita egotea aurreikusten da”, azaldu dute.
Gunean egingo diren hobekuntzak Markina-Xemeingo Batetaratze Guraso Elkartearekin adostu ditu Udalak, eta lanen kostua 53.106,37 eurokoa da.