Arbek eta Lopezek bigarren txapela jantzi dute Lekeition
Lekeitio Hiria zesta-punta txapelketa jokatu da domekan [abuztuak 29] Jai Alai World Tourraren baitan. Goitia eta Mandiola markina-xemeindarrak nagusitu dira Amateur mailan.
Jokin Arbe eta Imanol Lopez denboraldi bikaina egiten ari dira 2021eko udan. Aurrelari markina-xemeindarrak eta Zumaiako atzelariak Jai Alai World Tour-aren baitako bigarren txapelketa irabazi zuten atzo [abuztuak 29] Lekeition. Bikotea uztailean Markina-Xemeinen jokatu zen Master Series Txapelketan ere nagusitu zen, eta atzo, Lekeition, Iñaki Osa Goikoetxea zumaiarra eta Mikel Manzisidor mutrikuarra garaitu zituzten finalean.
15-7 eta 15-8 irabazi zuten Arbek eta Lopezek arazo gehiegirik barik. Izan ere, bikoteak kantxan daukan koordinazio eta konexioa nabaria izan da oraingoan ere, eta edozein aurkariren aurrean tandem arriskutsua osatzen dutela argi utzi dute.
Profesionalen arteko txapelketagaz gainera Amateur mailakoa jokatu da Lekeition ere. Horretan Goitia eta Mandiola markina-xemeindarrak izan dira nagusi. Bikoteak aise gainditu zituzten Basterra eta Ibarluzea markagailuan 10 tantoko aldea aterata (30-20) eta promozio mailako txapela lortuz.
Lekeitioko txapelketagaz emango dio amaiera 2021eko Jai Alai Tourrak denboraldiari, baina zesta-punta denboraldia amaitzear dago oraindik. Hurrengo hitzordu garrantzitsua irailaren 17an hasiko den Hondarribiko Grand Slam-a izango da, zesta-punta egutegian ezinbesteko hitzordua.