Markina-Xemein, Etxebarria, Aulesti, Ziortza-Bolibar eta Munitibar herriak hornitzeko baliabide gutxi dagoela ohartarazi du Bizkaiko Ur Partzuergoak
Aspaldian euri gutxi egin izanaren ondorioz, Iparragirre-Espilla hornidura sisteman Markina-Xemein, Etxebarria, Aulesti, Ziortza-Bolibar eta Munitibar herriak hornitzeko baliabide gutxi dagoela ohartarazi du Bizkaiko Ur Partzuergoak. Hori dela eta, neurri desberdinak hartu ahalko dituztela iragarri dute Markina-Xemein eta Etxebarriko udalek.
Neurrien artean herriko iturriak aldi baterako ixtea, parke eta lorategietako ureztatzea kentzea, kaleak derrigorra denean baino ez ureztatzea, ibilgailuen garbiketa debekatzea eta eraikin eta zerbitzu publiko batzuetan uraren giltza ixtea izan litekeela jakitera eman du Markina-Xemeingo Udalak.
Era berean, herritarrei ere uraren erabilpena neurtzeko hainbat gomendio luzatu dizkiete: harguneak erregulatzea, bainatu beharrean dutxatzea, komuneko zisternen erabilera efizientea egitea, txorrotak zabalik ez uztea eta etxetresnak guztiz beteta daudenean baino ez erabiltzea.
Etxebarriko Udalak ere neurri desberdinak hartuko dituela aurreratu du. Herriko iturria aldi baterako itxiko dute, parke eta lorategietako ureztatzea kendu eta kaleak derrigorra ez denean baino ez dituzte ureztatuko. Horrez gain, baratzeak ahal de neurrian ez ureztatzeko, igerilekuak ez betetzeko, ibilgailuak ez garbitzeko eta etxeetako uraren erabilera zaintzeko gomendioa egin diete herritarrei.