Azken doikuntzak egin eta gero, Ondarroako Plaiko Zubia laster egongo da erabilgarri
Uztailaren 29an ipini zituzten zubiaren bi egiturak, eta ordutik egiaztapenak egiten dabiltza. Zubiaren inguruan urbanizazio lanak egiten ari direla ere baieztatu dute aldundiko ordezkariek.
Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkariek eta baita ere zubian bertan lanean ari diren langileek esan dutenez, zubia laster egongo da erabilgarri. «Azkenengo doikuntzak egiten ari dira», esan dute aldundiko arduradunek.
Uztailaren 28an eroan zituzten zubiaren bi egiturak Ondarroara. Bi egiturak biraketarako mekanismoaren gainean kokatu behar izan zituzten, eta horrek ikusmina eragin zuen herritarren artean. Bi egituretako bat egun horretan bertan ipini zuten, baina bigarrena ipintzerakoan, ainguraketa sisteman akatsa egon zen, eta egitura okertu egin zen. Ondorioz, ezin izan zuten egunean bertan ipini eta hurrengo egunean ipini zuten, uztailaren 29an.
Ordutik, doikuntza lanak egiten dihardute langileek. Besteak beste, ondo zabaltzen dela, egitura sendo dagoela eta bestelakoak egiaztatzen ibili dira.
Alamedako aldeko eskailerak ere ipinita daude, eta beste aldeko eskailerak ipintzea eta azken ukituak egitea falta zaiela esan dute langileek. «Asko jota, bi aste barru-edo zabaltzeko moduan egongo litzateke», esan dute zubian lanean diharduten langileek. Aldundiak gaineratu du zubiaren eremuan urbanizazio lanak ere egiten ari direla.
Uztail amaieran bi egiturak ipini zituztenean aldundiak esan zuen zubia irailean egongo zela erabilgarri. Eta asmo horrekin jarraitzen dutela baieztatu dute, nahiz eta ez duten eguna zehaztu.