Mikel Agirre ondarrutarrak bakarkako Euskal Pentatloiaren kanporaketa lehiatuko du
Saioa zapatu arratsaldean [irailak 4] jokatuko da, Azpeitiko zezen plazan.
IV. Euskal Pentatloi Saria lehiatuko du Mikel Agirre ondarrutarrak eta zapatuan [irailak 4] jokatuko du lehenengo kanporaketa Azpeitiko zezen plazan, 18:00etan hasita.
Bederatzi kirolarik lehiatuko dute bigarren kanporaketa, eta horietatik lau sailkatuko dira bigarren kanporaketara. Hurrengo saio horretan, aurreko urteko zortzi finalistekin lehiatuko dira.
Agirrez gain, honako aizkolari hauek ariko dira hurrengo kanporaketarako txartelen borrokan: Daniel España, Aritz Irazabal, Beñat Amade, Gorka Etxeberria, Oussmane Drame, Goenatxo III, Joseba Otaegi eta Unai Ardeo.
Harri jasotzeagaz hasiko dute saioa; bakoitzak zortzi jasoaldi egingo ditu. Jarraian, giza proban plaza bana egin, eta aizkoran kanaerdiko bana moztu beharko dituzte. Gero, txinga eruten ariko dira, eta bakoitzak hiru plaza egin beharko ditu. Amaitzeko, korrika hamar buelta (kilometro bat) emango dizkiote zezen plazari.
Batik bat pentatloiak prestatzen aritu da aurten. Maiatzean binakakoan parte hartu zuen (Dramegaz bederatzigarren sailkatu ziren ). Bikotekakoan ez zuen lortu esperotakoa, eta hasieratik bakarkako hitzordu honetarako ilusioz dagoela nabarmendu du: “Aurkari gogorrak ditut oraingoan, eta pixka bat urduri nago”. Lehen lauren artean sailkatzeko aukerak ditu: “Pasatzeko aukerak ikusten ditut, baina baita kanpoan geratzeko ere. Lan motza da, eta zerbait ez bazaigu ondo edota nahi modura irtetzen, aukera handiak daude kanpoan geratzeko”. Otaegi faborito argia dela dio: “Indartsua da, aurreko urteetan punta-puntan ibilitakoa. Seguru da bigarren kanporaketan sartuko dela, eta beste denok paretsu, antzeko aukerekin gaudela uste dut”. Ilusioz dago, eta asteburuan Ondarroan 3. mailako Bizkaiko Aizkora Txapelketa irabazita, “ilusio handia piztu” zaiola adierazi du.