Mikel Agirre ondarrutarrak irabazi du 3. mailako Bizkaiko Aizkora Txapelketa
Aizkolari ondarrutarra 2. mailara igo da. Asteburuan 3. mailako Euskadiko Aizkora Txapelketaren kanporaketa jokatuko du, eta baita ere bakarkako Euskal Pentatloiaren kanporaketa.
3. mailako Bizkaiko Aizkora Txapelketan nagusituta, 2. mailara igo da Mikel Agirre ondarrutarra. Etxean lortutako garaipenagatik eta 2. mailara igotzea lortzeagatik “oso pozik” dagoela azpimarratu du.
Iaz sortu zuten 3. maila, eta min hartuta zegoela, 2.mailatik 3.mailara jaitsi zen: “Iaz min hartuta nengoen eta aurkeztu behar izan nintzen. Mailaz altxatzea beti da gaitza. Batek bakarrik lortu zezakeen mailaz igotzea, eta lortzea oso garrantzitsua izan da niretzat”. Aukerak bazituela bazekien, baina errespetuz hartu zuen txapelketa: “Zer edo zer gertatu zitekeen, eta beldurra neukan gorputzak ere zelan erantzungo zidan ez nekielako. Gainera, pentatloia prestatzen aritu naiz, eta ez nekien aizkoran bakarrik zelan erantzungo nuen”.
Lau kanaerdiko (54 ontzako lau enbor) moztu zituzten zapatuan [abuztuak 28], eta Agirrek ia bi minutu atera zizkion Unai Aldape bigarren sailkatuari. “Sentsazio onekin” arituta, 14 minutu eta 46 segundotan burutu zituen lanak txapeldunak, eta txapeldunordeak, berriz, 16 minutu eta 31 segundotan. Manuel Lopez sailkatu zen hirugarren, bigarrenarengandik hamabost segundora.
“Hasieran pixka bat urduri hasi nintzen, baina sentsazioak oso onak izan ziren”, azaldu du ondarrutarrak. Erritmo lasaian hastea izan zen bere estrategia, “gero denak jarraian egiteko”. Lehen enborrean Aldape hasi zen aurretik, eta bigarrenean Agirrek aurrea hartu, eta horrela jarraitu zuen amaierara arte: “Atzetik hasi arren, banekien segitu beharra neukala, dena ematen, lasai-lasai bigarren enborrera arte. Aldape aurretik hastean banekien eutsi egin behar niola, neure lekutik irten barik. Bigarrena pasatuta, amaitu arte gozatu nuen”.
Herrian aritzeak sentsazio onak areagotzea eragin ziola uste du, eta jendea zelan animatzen egon zen sentitzea berezia izan zela dio: “Orain arte egin dudan plazarik politenetako bat izan zen. Esperientzia oso polita izan da. Oso pozik nago; oso positiboa izan zen niretzako. Etxean egindako dena eta ahalegindutako dena erakutsi nahi izaten da, eta ahalik eta hobetoen egin. Baina urduritasun puntu bat beti behar da. Hasi eta egin ahala, gero eta gusturago sentitu nintzen, eta oso gustura amaitu nuen”.
Euskadikoa. Bizkaiko txapeldun geratuta, orain, 3. mailako Euskadiko Aizkora Txapelketaren 2. kanporaketan ariko da aizkolari ondarrutarra. Domekan [irailak 5] Mungiako Matxin Plazan lehiatuko dute 12:00etan hasita, eta lau kanaerdiko moztu beharko dituzte aizkolariek.
Bederatzi aizkolari (bi bizkaitar, hiru gipuzkoar eta lau nafar) ariko dira zein baino zein gehiago, eta lehenengo bi sailkatuak pasatuko dira finalera. 1. kanporaketa abuztuaren 15ean jokatu zuten Nafarroako Donamaria udalerrian, eta bertan, Jokin Urretabizkaiak eta Julen Gabirondok lortu zuten finalerako txartela. 3. kanporaketaren data eta lekua datozen egunetan baieztatuko ditu Euskadiko Herri Kirol Federazioak.