Lekeitioko Udalak neurriak betetzeko lankidetza eskatu die herriko establezimendu eta zerbitzuei
Herriko denda, taberna, jatetxe eta txoko gastronomikoei erantzukizunez jokatzeko deia egin die udalak, egungo segurtasun neurri guztiak zorroztasunez betetzeko eskatuz.
Irailaren 1etik 5era bitartean segurtasun protokoloa zorrotz betetzeko eskaera egin die Lekeitioko Udalak herriko establezimendu eta zerbitzuei –herriko denda, taberna, jatetxe eta txoko gastronomikoei–. COVID-19aren hedapena geldiarazteko helburuagaz segurtasun protokolo berezia ezarriko dute Lekeition egun horietan, eta bezeroen artean kutsatzea saihesteko establezimendu eta zerbitzuen lankidetza izatea ezinbestekoa dela esan dute.
“Merkataritza establezimenduei arreta handiz ibiltzeko eskatu zaie, gazte adingabeek edari alkoholdunik eros ez dezaten; ostalaritza establezimenduei neurri eta aforoak zorroztasunez betetzeko beharra gogorarazi zaie”, azaldu dute.
Bestalde, txoko eta elkarte gastronomikoak bilerak egiteko lekuak direla kontuan hartuta, egun horietan elkarteak ixteko aukera aztertzeko eskaria egin dietela jakitera eman du udalak, eta zabalik mantentzekotan, egungo segurtasun neurri guztiak zorrotz bete behar direla gogora ekarri diete. Eskari horren aurrean, taberna eta txoko esanguratsuenetako batzuk egun horietan ixteko erabakia hartzeko asmoa agertu dietela aipatu dute.
Udalak jakitera eman duenez, irailaren 1etik 5era bitartean, merkataritza eta ostalaritza establezimendu, txoko eta elkarte gastronomikoetan segurtasun protokoloa betetzen dela ziurtatzeko ausazko kontrolak egingo dituzte Udaltzaingoak eta Ertzaintzak.