Lizardi eta Manzisidor mutrikuarrak, Europako txapeldun
Markina-Xemeingo eta Berriatuko zesta eskoletako Araia Lejardi markina-xemeindarra eta Ihart Arakistain sopeloztarra txapeldunorde geratu dira.
Mutrikuko Danok Bateko Eneritz Lizardi mutrikuarra eta Zumaiako zesta eskolako Maite Ortiz de Mendibil gasteiztarra Europako txapeldun geratu dira 23 urtez azpikoetan. Valladolideko (Gaztela eta Leon, Espainia) Villa de Iscar frontoian jokatu dute Europako Zesta-Punta Txapelketa, asteburuan. Barikuan [abuztuak 27] lehiatu zituzten finalerdiak eta zapatuan [abuztuak 28] finalak.
Lizardik eta Ortiz de Mendibilek Markina-Xemeingo eta Berriatuko zesta-punta eskoletako Araia Lejardi markina-xemeindarraren eta Ihart Arakistain sopeloztarraren kontra lehiatu zuten finala zapatuan. Txapeldunek 15-8 irabazi zuten lehenengo set-a, eta 15-12 galdu zuten bigarrena. Berdinketa hamarrera jokatu, eta 10-4 nagusituta irabazi zuten txapelketa.
Emakumezkoen txapelketa binakakoa izan zen, gizonezkoena, ostera, buruz burukoa, eta parte hartu duten Espainiako selekzioko pilotari denak finaletara ailegatu dira; Frantziaren kontra lehiatu zituzten finalaurrekoak.
Danok Bateko Mikel Manzisidor mutrikuarrak Gasteizko Aaron Gonzalezen kontra jokatu zuen finala. Manzisidor 15-11 gailendu zen lehenengo set-ean, eta 15-8 galdu zuen bigarrena. Txapelketa erabakitzeko set-ean 10-9 nagusitu zen. Berdinketa haustekoa ikusgarria izan zen, eta markagailua irauliz irabazi zuen mutrikuarrak. Gonzalez 4-0 aurreratu zen, eta gero, ere 8-3 irabazten joan zen.
Partidu “oso gogorra” jokatu zuten. Elkarrenkin asko jokatu dute, ondo ezagutzen dira, eta beste behin, lehia estua eta polita eduki zuten. Iruñean jokatutako Espainiako Txapelketan ere eurak izan ziren finalistak, eta Manzisidorrek lortu zuen garaipena.
Europako txapelketa lehiatu duten leku berean jokatuko dute Munduko Txapelketa urrian, eta seguruenik Europakoan aritu diren pilotariek jokatzeko aukera edukiko dute.
“Afizionatu mailako gure klubetako kideek zestara jokatzea nahi dugu; ahalik eta gehien eta ahalik eta jende gehienaren kontra jokatzea nahi dugu. Mundukoan mexikarrak, kubatarrak, estatubatuarrak, uruguaiarrak… ere ariko dira, eta horien kontra jokatzea polita da. Ea aukera hori daukagun eta aprobetxatzen dugun, eta zesta puntari indar gehiago ematen diogun”, azaldu du Jose Mari Manzisidor Danok Bateko kideak.