Zabalik dago Berriatuko soinketa gela erabiltzeko eskaerak egiteko epea
Irailaren 1etik 9ra bitartean (bi datak barne) egin daitezke eskaerak, udaletxera joanda, telefonoz deituta edo posta elektronikoa bidalita.
Berriatuko soinketa gela irailetik ekainera bitartean egongo da zabalik, eta hori erabili nahi duten herritarrek eskaera egin behar dute udaletxean. Eskaerak irailaren 1etik 9ra bitartean (bi datak barne) egin behar dira, udaletxera joanda, telefonoz deituta (94-613 70 30) edo posta elektronikoa idatzita (udala@berriatua.org) egin daitezke eskaerak.
Zehaztu dutenez, eskaera egiterakoan ondoko informazioa eman beharko da: eskatzailearen izen-abizenak, nortasun agiriaren zenbakia eta harremanetarako telefono zenbakia, elkarteren baten izenean erabiliko bada haren izena, emango den zerbitzua eta erabili nahi den ordua eta eguna.
Eskaera guztiak jaso eta gero erabakiko dute soinketa gelaren ordutegia. “Eskaera guztiak aztertu eta gero egingo da hori”. Aurreratu dute eskaeren lehentasunaren sailkapena egiteko ondoko irizpideak hartuko dituztela kontuan, hurrenez hurren: herriko eragileak, herritar norbanakoak eta kanpotarrak. “Maila berdinean dauden eta eskaera berdina egin duten herritarrak egongo balira, eskaera lehendabizi egin duenak edukiko du lehentasuna”.