Zelaiko eta kiroldegiko jolas guneak berritu ditu Markina-Xemeingo Udalak
Abuztua aprobetxatu dute eraberritze lanak egiteko. Zorua berritu eta ziburu berriak jarri dituzte.
Umeentzako herriguneko aire libreko bi aisialdi gune nagusienak berritu ditu Markina-Xemeingo Udalak. Hain zuzen ere, erabiltzaile gehien dituzten herriko bi jolas parkeak eraberritu dituzte: Zelaiko eta Atxondo kiroldegiaren ondoko jolas guneak. Udalak jakitera eman duenez, uda sasoia eta abuztua batez ere aprobetxatu dituzte lanak aurrera eramateko: “herrian mugimendu gutxien izaten den garaia aprobetxatuz”.
Zelaiko jolas gunean lurzorua aldatu dute, kautxuzko zoru berria jarrita. Horrez gain, ziburu berriak ere ipini dituzte. Argitu dutenez, Markina-Xemeingo Batetaratze Guraso Elkarteagaz adostuta egin dituzte hobekuntzak. Lanen kostua, guztira, 53.106,37 eurokoa izan da.
Horrez gain, Atxondo kiroldegiaren ondoko jolas gunea ere berritu dute. Hiru gunetan banatuta dago espazio berria, eta hirurak erabilgarri daudela jakitera eman du udalak. “Lehendik zeuden bi egitura berritu egin dira eta hirugarren egituran jolas berri bat jarri da”. Gune guztietako zorua ere berritu dute. Kiroldegi ondoko parkean egin dituzten lanen inbertsioa 32.216,25 eurokoa izan da.