Beste 9 positibo erregistratu dituzte Lea-Artibai eta Mutrikun
Atzo [abuztuak 31] Lekeition (6), Mutrikun (2) eta Ondarroan (1) erregistratu zituzten COVID-19arekin kutsatutako kasu berriak. Dena dela, Lekeitioko intzidentzia tasa ez da igo. Bai aldiz Mutrikukoa. Bi herri horiek gune gorrian egoten jarraitzen dute.
Nahiz eta egunez egun gero eta positibo kasu gutxiago erregistratzen ari diren, Lekeitiok eta Mutrikuk gune gorrian egoten jarraitzen dute; Lekeitiok 1.000tik gorako intzidentzia tasa edukitzen jarraitzen du. Atzo [abuztuak 31], esaterako, 9 positibo erregistratu zituzten: 6 Lekeition, 2 Mutrikun eta 1 Ondarroan. Dena dela, Mutrikuko intzidentzia tasa da igo den bakarra, gainerakoak bere horretan mantendu edo jaitsi egin dira.
Gaur [irailak 1], gainera, Etxebarriak ere 0 tasa dauka. Beraz, gaur gaurkoz hiru dira Lea-Artibai eta Mutriku mailan 0 tasa daukaten herriak: Etxebarria, Gizaburuaga eta Ziortza-Bolibar.
Lurraldeak. Arabak 309,80ko tasa dauka (atzo baino 28 puntu gutxiago), Bizkaiak 317,57koa (-13 puntu) eta Gipuzkoak 285,65ekoa (-10 puntu). Hiru lurraldeetako intzidentzia tasek beheranzko joerari eusten diote.
Herriz herriko intzidentzia tasak (abuztuak 27):
- Amoroto: 481,93
- Aulesti: 449,10
- Berriatua: 477,33 (79 puntu jaitsi da)
- Etxebarria: 0 (atzo 134,23ko tasa zeukan)
- Gizaburuaga: 0
- Ispaster: 806,45
- Lekeitio: 1.093,12
- Markina-Xemein: 99,50 (20 puntu jaitsi da)
- Mendexa: 1.271,19
- Munitibar: 218,34
- Mutriku: 564,55 (19 puntu igo da)
- Ondarroa: 326,84 (24 puntu jaitsi da)
- Ziortza-Bolibar: 0
Joan den aste osoan [abuztuaren 23tik 29ra] 96 positibo kasu erregistratu zituzten Lea-Artibai eta Mutrikun, duela bi aste baino 15 kasu gehiago. Kasu gehien Lekeition erregistratu zituzten (54), eta atzetik datoz Ondarroa (16) eta Mutriku (12). Gainerako herrietan 5 kasu baino gutxiago erregistratu zituzten. Aldiz, Etxebarrian, Gizaburuagan eta Ziortza-Bolibarren ez zuten kasurik erregistratu; Gizaburuagak eta Ziortza-Bolibarrek 0 tasa daukate.
Lea-Artibai eta Mutrikuko egoera epidemiologikoaren bilakaera, azarotik: