Bizkaibusek Lekeitioko autobus zerbitzua murriztuko du asteburuan
Domekan [irailak 5] 15:30ak arte ez da egongo Lekeitiorako autobusik.
Lekeitioko Udalak ere iragarri zuen modura, Bizkaibusek Lekeitiorako zerbitzuak murriztuko dituela gogora ekarri du Bizkaiko Foru Aldundiak. Esan dutenez, Lekeitioko Udalak eskatuta, eta inplikatutako gainerako eragileekin –inguruko gainerako udalerriak, Ertzaintza, Osakidetza– koordinatuta hartu dute erabakia.
Iazko modura, beraz, zerbitzua murritzagoa izango da, oraingo honetan, baina, aldaketak zapatuan eta domekan izango dira [irailak 4 eta 5], eta udalerriari zerbitzua eman ohi dioten hiru lineetan eragingo du: A3512 Bilbo – Lekeitio (autobidetik); A3513 Bilbo-Hospital Galdakao Ospitalea-Gernika Lumo-Ea-Lekeitio; eta A3523 Bilbao-Hospital Galdakao Ospitalea-Gernika Lumo-Aulesti-Lekeitio.
Zapatuan [irailak 4], Lekeitiorako zerbitzu gehigarri guztiak bertan behera geratuko dira 17:45etik aurrera (ordu horretakoa barne); eta domekan [irailak 5], 15:30 arte, linea horietako bat ere ez da helduko Lekeitioraino. Ordu horretatik aurrera, ordea, ohiko ibilbideari ekingo diote.
Zehazki, domekan honela geratuko dira Bizkaibusen zerbitzuak:
- A3512 lineak ibilbidea Bilbo eta Markina-Xemein artean baino ez du egingo, 15:30era arte. 15:30eko irteera Lekeitiotik egingo da.
- A3513 lineak ibilbidea Bilbo eta Elexalde – Ispaster artean baino ez du egingo, zerbitzua hasten denetik 15:30era arte.
- A3523 lineak ibilbidea Bilbo eta Gizaburuaga artean baino ez du egingo, zerbitzua hasten denetik 15:30era arte.