Mutriku AT, bandera batekin, laugarren postuan
Mutriku onenen artean ibili da KAE 2 Ligako estropadetan, eta denboraldi ederra eginda, laugarren postuan sailkatu da. Kontxako sailkapen estropada lehiatuta amaituko du bihar denboraldia.
Laugarren postuan amaitu du KAE 2 Liga Mutrikuk. Gaztetxoen eta beteranoagoen arteko batuketagaz, Isuntza eta Mutriku klubetako elkarlanagaz indartsu aritu dira, eta bandera bat ere irabazi dute aurten.
Hortaz, 2021eko denboraldiaren «balorazio oso ona» egin dute. Jazintxo Salinas entrenatzaileak esan bezala, helburuak bete dituzte: “Uda oso ondo joan da. Laugarren-bosgarren postuetan ibiltzea espero genuen. Denboraldiaren bigarren partean gorantz egin dugu pixka bat”.
Denboraldiaren hasieran ez zuten pentsatzen hain ondo ibiliko zirenik: “Baina entrenamenduak egin ahala, ikusten zen trainerua polito zihoala. Gustura ibili gara entrenatzen. Arraunlariei esaten nien horrela entrenatu eta lehituz gero, emaitza politak aterako genituela. Ez sinisteko denboraldia egin dugu, oso ona. Mutriku batentzat ligan laugarren egitea pozgarria izateaz aparte, oso handia da”.
Trintxerpeko bandera irabazi zuten abuztuaren 7an. “Zoramena” izan zen. “Gu irten ginen lehenengo; inori ez zaio gustatzen lehenengo irtetea, besteei erreferentziak, denborak markatzen dizkiezulako. Lehen ziabogan Portugaletek hiru bat segundo kendu zizkigun, eta beste hiruretan erreferentzia guztietan aurretik joan ginen”. Amaitzean une oso hunkigarriak bizi izan zituzten: negar malkoak, saltoak, oihuak… Poz itzela hartu zuten denek.
Jazintxo Salinas: “Isuntzako gazteei aukera emanda osatu dugu Mutrikuko trainerua. Bi klubek bat egingo ez balute, horiek ez lukete aukerarik edukiko traineruan erremutan egiteko”
Denboraldia “laburra” egin zaie: “Gogoarekin eta beste estropada bat irabazteko modura geratu gara. Pasaden urtean kontrakoa pasatu zitzaigun, oso luzea egin zitzaigun. Aurten guztiz kontrakoa, estropada gehiago egiteko gogoz amaitu dugu”.
79 puntu bildu dituzte, hirugarren sailkatu diren Hondarribiakoek baino zazpi gutxiago, eta bi puntu atera dizkiete Donostiarrakoei. “Hondarribian ez genuen egin estropada oso ona, eta pixka bat urrundu egin zitzaizkigun”.
Liga “oso polita” izan dela azpimarratu du: “Busturialdeak, Hondarribiak, Portugaletek, Donostiarrak eta bostok irabazi ditugu estropadak, batzuk puntuagarriak, bandera gabeak izan badira ere. Hamarretik bost traineruk lehenengo egin dugu estropadaren batean». TKE, KAE 1 eta KAE 2 ligetan orain dela hamar bat urteko mailarik ez dagoela uste du: «Orduan maila handiagoa zuten arraunlari eta traineruek, baina orain ere maila polita dago”.
Isuntzako gazteen lana goraipatu du Salinasek: “Isuntzako gazteei aukera emanda osatu dugu Mutrikuko trainerua. Bi klubek bat egingo ez balute, horiek ez lukete aukerarik edukiko traineruan erremutan egiteko. Aurtengo sei gazteek denboraldi osoa egin dute. Trainerilletan Bizkaiko eta Euskadiko txapelketak irabazi dituzte eta Espainiakoan hirugarren egin dute, eta hori sekula ez da lortu Isuntzan”.
Kontxa. Bihar [irailak 2] Kontxako sailkapen estropadarekin agurtuko dute denboraldia: “Badakigu ez daukagula zer eginik, baina beti izaten da saria bertan egotea; gehienbat 18-19 urteko gazteentzako sekulako saria da Kontxan ibiltzea. Ez da jendez beteta egoten zen lehenagoko Kontxa, baina bere xarma dauka”.