Ondarroak eta Isuntzak ez dute lehiatuko Kontxako Bandera
Ondarroak bere multzoko bigarren denborarik onena egin du, eta bi segundo pasatxogatik geratu da kanpoan. Lekeitioko taldea hamahirugarren sailkatu da.
Datozen bi astebuetan Ondarroak eta Isuntzak ez dute lehiatuko XIV. Kontxako Bandera. Bederatzigarren sailkatuta (iaz zortzigarren) bi segundo pasatxogatik kanpoan geratu dira gaur arratsaldean [irailak 1] ondarrutarrak; San Juanen atzetik, B multzoko bigarren denborarik onena egin dute. Lekeitioko taldekoak, ostera, hamahirugarren sailkatu dira.
Kontxako sailkatze estropadan iaz baino zazpi traineru gehiago uretaratu dira aurten. Hogei kluben artean erabaki dira jokoan zeuden zazpi txartelak. Ohi legez, minutu bateko tarteagaz hasi dira lanean.
Euskotren Ligaren egungo txapelduna den Donostia Arraun Lagunak-ek estropada bikaina burutu du etxean. Bera izan da ziabogan azkarrena (5.28); sei segundo atera dizkie Hondarribiari, Tolosaldeari eta Oriori (hirurak 5:34ean sartu dira). Brankaz zein poparean nagusi izan da, eta baita ere estropada 11 minutu baino gutxiagotan amaitu duen bakarra.
Euskotren Ligaren hiru traineruak, Donostia Arraun Lagunak, Orio eta Hondarribia, sailkatu dira lehenengo hiru postuetan, eta jarraian, ETE Ligaren lehen hiru sailkatuak: Tolosaldea, Deusto eta Hibaika. Bi ligetan amaitu duten hurrenkeran, gainera.
Arratsaldeko protagonistetako bat izan da Chapela talde galiziarra. Galiziako ligan bigarren sailkatu da, eta liga irabazlea den Cabori aurrea hartu dio gaur.
Hala, Donostiarragaz batera, Donostia Arraun Lagunak, azken bi urteotako txapelduna den Orio, Hondarribia, Tolosaldea, Deusto, Hibaika eta Chapela ariko dira zein baino zein gehiago datozen bi domeketan, 10:00etatik aurrera.
SAILKAPENA:
- 1- Donostia Arraun Lagunak: 10.54,00
- 2- Orio: 11.02,46 (+8.46)
- 3- Hondarribia: 11.08,62 (+14.62)
- 4- Tolosaldea: 11.10,42 (+16.42)
- 5- Deusto: 11.13,68 (+19.68)
- 6- Hibaika: 11.13,74 (+19.74)
- 7- Chapela: 11.16,02 (+22.02)
- 8- San Juan: 11:17,58 (23.58)
- 9– Ondarroa: 11.18,88 (+24.88)
- 10- Cabo: 11,19,84 (+25.84)
- 11- Zumaia: 11.19,88 (+25.88)
- 12- Perillo: 11.20,18 (+26.18)
- 13- Isuntza: 11.34,82 (+40.82)
- 14- Tiran: 11.36,54 (+42.54)
- 15- Zarautz: 11.45,66 (+51.66)
- 16- Lutxana: 11,47,82 (+53.82)
- 17- Ribeira: 11.57,70 (+1:03.70)
- 18- Lapurdi: 12.07,52 (+1:13.52)
- 19- Mugardos: 12.11,26 (+1:17.26)
- 20- Castro: 12.52,58 (+1:58.58)